Musakolatik abiatuko da aurten ere ludoteka ibiltaria, urtarrilaren 31n

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 26a

Ume talde bat ludoteka ibiltariaz gozatzen, artxiboko irudi batean.

Urtarrilaren 31n hasi eta apirilera arte, zapatu goizetan Txatxilipurdiren ludoteka ibiltariaz gozatzeko aukera egongo da Arrasateko hainbat auzotan. Ordutegia izango da 11:30etik 13:30era: "Parte hartzea librea da eta askatasunez jolasteko gunea eskaintzeaz gain bide-laguntza ere eskainiko da, betiere euskaraz!". 

Urtero legez, Musakola auzoan hasiko da ludoteka ibiltaria, nahiz eta aurtengo elkargunea San Isidro plaza izango den. Hezitzaileen bide laguntzaz eta material zein baliabide ezberdinak parte hartzaileen eskura jarriz bi orduz ludotekaz gozatzeko aukera egongo da. 

Egitasmoan 3-12 urte bitarteko ume eta aurre-nerabeek parte hartzeko aukera izango dute, baita haien guraso edo arduradunek ere: "Ekintzak parte hartzaileekin batera adostu eta denen gustukoak antolatzen saiatuko gara. Auzo ezberdinetan, aisialdi hezitzaile euskaldunaz  gozatzeko aukera paregabea da ludoteka ibiltaria. Sormena garatzeko, harremanak egiteko, parte hartzea sustatzeko, naturarekin harremantzeko eta beste hainbat helburu hezitzaileri bide emanez". 

Musakola auzoan hasiko da ludoteka ibiltaria, ondoren Erguin auzora mugituko gara eta Txaetako plazan emango diogu amaiera. Hona hemen Txatxilipurdik prestatu duen egitaraua: 

- Musakola auzoan: urtarrilak  31,  otsailak 7, 14 eta 21. Ordutegia: 11:30-13:30
- San Andres auzoan: otsailak 28, martxoak 7, 14 eta 21. Ordutegia: 11:30-13:30
- Txaetako plaza: martxoak 28 eta apirilak 18 eta 25. Ordutegia: 11:30-13:30

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak