Ondo ari dira moldatzen Ointxeko gizonezkoak Euskal Ligan, eta gaurko partidua horren beste adibide bat izan da. Aurkari zuzena den Santutxuren bisita jaso du Mondragon Unibertsitateak Iturripen; izan ere, etxekoak baino porrot bat gehiagorekin heldu dira norgehiagokara bizkaitarrak. Partidaren garrantziaz jakitun, bikain kantxaratu dira arrasatearrak, Santutxuk zortzi puntu bakarrik egin ditu lehen laurdenean, eta bederatzi puntuko errenta erakutsi du markagailuak hamar minutu jokatu ostean. Bigarren laurdenean egoera aldatu egin da; Satutxu asmatzen hasi da, eta etxekoei, berriz eustea egokitu zaie. 33-28 iritsi dira atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan iritsi dira Mondragon Unibertsitatearen minuturik onenak. Hiruko marratik asmatzen hasi dira, eta, errenta, hogei puntura eraman dute minutu gutxitan; 60-40 jarri dira une batean. Dena den, bolada onak eta txarrak tartekatu ditu etxeko taldeak, eta horren ostean, Santutxuren 0 eta 13ko partziala etorri da. Ez da etxekoen partidarik borobilena izan, baina momentu onak aprobetxatzen, eta, txarretan berriz, eusten jakin du Ointxek. Hala, azken minutuetan norgehiagoka erabakita utzi du Mondragon Unibertsitateak. 81-70 gailendu dira azkenean.
Lidertzan sendo
Gaurkoa irabazita, jokatutako 14 partidetatik bakarra galdu Mondragon Unibertsitateak. Liga amaitzeko oraindik 12 jardunaldi gelditzen dira; ia liga erdia. Hala ere, ondo bideratuta dute lehen postua. Datorren jardunaldian Barakaldon jokatuko dute Ointxeko mutilek.