Bi prozesuak independenteak izango dira, eta ikuspegi teknikoa zein parte-hartzailea uztartuko dituzte, espazio publikoaren erabilera eta egokitasuna hobetzeko asmoz.
Biteri plaza berrantolatzeko aurreproiektua
Biteri plazaren kasuan, Udalak plazaren berrantolaketa aztertuko duen aurreproiektua idazteko lanak esleitu ditu, espazioa egungo behar sozial eta klimatikoetara egokitzeko helburuarekin. Jarduketaren bidez, itzal guneen eta berdeguneen gabeziari erantzun nahi diote, eta oinezkoentzako espazio seguru, atsegin eta irisgarriak indartu, genero ikuspegia eta hiri-mugikortasuna kontuan hartuta.
Aurreproiektuak aterpe berri bat eta haur parke estali bat jasoko ditu. Garazi Etxeberria San Miguel Hirigintza, Trantsizio ekologiko eta Mugikortasun zinegotziaren esanetan, “gaur egungo plazaren antolaketak hainbat gabezia ditu: aterpea zaharkituta dago eta zutabe ugarik erabilera zailtzen dute, gainera, ez du euriaren aurkako babes egokirik. Bestetik, haur parkea estali gabe dago, eta, oro har, espazioak erabileren berrantolaketa eskatzen du”.
Halaber, azpimarratu du esku-hartzeak kontuan hartu beharko dituela lur azpiko aparkalekuak ezartzen dituen mugak. “Gune jasangarriago eta atseginago bat bilakatzeko aukera aprobetxatu nahi dugu”.
Aurreproiektua Zuriñe Zelaia eta Arantxa Satrustegi arkitektoek egingo dute, eta lanaren kostua 14.507,90 eurokoa izango da, BEZ-a barne. Udalaren aurreikuspenaren arabera, lana uda bitartean osatuko da.
Musakolan, kokapena auzotarrekin adostuta
Musakola auzoan, berriz, eremu publiko bat estaltzeko aukerak aztertzeko parte-hartze prozesua abiaraziko du Udalak. Prozesu horren bidez, aterpe berriaren kokapena auzotarren artean erabakiko da, irizpide teknikoekin uztartuta.
Mikel San Miguel Auzoetako zinegotzi arduradunak adierazi duenez, “auzotarren eskaera historikoa da auzoan aterpe bat izatea, eta erabakiak kolektiboki hartzeko prozesua martxan jarri nahi dugu”. Hala ere, zehaztu du erabaki horiek udal teknikarien irizpideekin bateragarriak izan beharko dutela, eta horregatik, haiek ere prozesuaren parte izango direla.
Parte-hartze prozesuaren diseinua eta dinamizazioa ELHUYAR-ZUBIZE, SLU enpresari esleitu dizkio Udalak, 8.446,16 euroko zenbatekoarekin (BEZ barne). Ekimenaren bidez, udal-gobernuak herritarren inplikazioa sustatu nahi du, auzoko beharrak modu partekatuan identifikatu eta espazio publikoaren erabilera hobetzeko irtenbide adostuak lantzeko.