'El bar nuestro de cada día' antzezlana Amaia antzokira iritsiko da hilaren 25ean

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 23a

El bar nuestro de cada día ikuskizuna. Irudia: El bar nuestro de cada día.

19:30ean hasiko da antzezlana; sarrerak salgai daude 15 eurotan, internet bidez.

Antonio Romera Dominguez Chipi-k bere bi pasioak uztartzen ditu El bar nuestro de cada día ikuskizunean: antzerkia eta musika. Bertan, antzokia taberna bihurtuta, Romerak, tabernako zerbitzariak, Malandro bezero ohiaren azken borondatea bete beharko du, eta, horrenbestez, zeremonia pagano bat egin haren omenez. Testuinguru horretatik abiatuta, abestien eta kontakizunen artean Malandroren bizitzaren istorioa kontatzen du Romerak, eta hark izandako bizitza ospatzeko festa bat antolatzen du. Hildakoaren eskaerari jarraituta, bizipenak kontatuz, abestiak abestuz eta ikusleen parte hartzearen bitartez, bizitzaz disfrutatzeko dei egiten du antzezlanean.

Espainian eta Euskal Herrian zehar antzezten izan da Romera, eta, gaur 20:30ean Leioan egingo duen antzezlanaren ondoren, Arrasatera helduko da domeka honetan. Hala, etzi, urtarrilak 25, Amaia antzokian izango da antzezlana, arratsaldeko zazpi eta erdietan. Emanaldia gazteleraz izango da eta 90 minutu irauten du. Sarrerak salgai daude, 15 eurotan, Internet bidez.

Romera da ikuskizuneko protagonista nagusia, baina, hala ere, beste hamar kidek baino gehiagok lan egiten dute ikuslea antzezlanaren parte sentiarazteko eta Espainia mailan egiten den bakarrizketa saio ezagunetako bat izateko; besteak beste, Ana Lopez Segovia eszena-zuzendariak, Javier Galiana de la Rosa, Bernardo Parrilla eta David Leone hirukoteak osatzen duen musika bandak eta Curro Ureba soinu-teknikariak.

Chipi 'La Canalla'

Cadiztarra jaiotzez, eta gidoilari eta abeslari gisa hamar urtez jardun ondoren, El bar nuestro de cada día umorezko bakarrizketa ikuskizunarekin antzerkian murgildu zen Romera 2023an. Haren ibilbidean musika bidelagun izan du betidanik, eta, hegoaldetik iparraldera antzerkietan egindako lanari esker, antzerkigintzako hainbat aitortza jaso ditu.

2025eko Lorca sarietako hiru sari jaso zituen 'El bar nuestro de cada día' antzezlanak

El bar nuestro de cada día lanak, kasu, 2025eko Lorca sarien Antzerki Ikuskizun, Musika Egiletza eta Gizonezko Interprete onenen sariak jaso zituen, eta 2024ko Antzerki Onenaren saria Andaluziako Arte Eszenikoen Azokan.

Hodei guztien gainetik

Antzerkiekin jarraituz, urtarrilaren 31n Amaia antzokian izango da Markeliñe euskal antzerki konpainiaren lan berria: Hodei guztien gainetik antzezlana. Urtarrilaren 10ean estreinatu zen, Zornotzan, eta Maite Bayon eta Jon Barado dira antzezleak; bere laneko errutinan harrapatuta dagoen aita baten istorioa kontatzen dute. "Egun batean, zorabioa jasan ondoren, harrituta esnatzen da kaleko aingeru bat bizi den kartoizko hodeien artean. Pertsonaia magiko horrekin ezarritako harremanaren bidez, aitak galdutako inozentziara bidaia hasiko du", diote antzerkiaren egileek.

Familiei zuzenduta dago antzezlana, eta sarrerak salgai daude, 5 eurotan, Arrasate.eus atarian. Antzezlana 17:00etan hasiko da eta 55 minutu iraungo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak