Neurketa Fedeafes-ek antolatu du norgehiagoka, Gaixotasun Mentala duten Pertsonen eta Senideen Elkarteen Euskadiko Federazioak, inklusioa, kirola eta gizarteratzea ardatz dituen ekimen baten barruan. Ointxe!-ren proiektua 2024ko maiatzean sortu zen, eta proiektuak eta taldeak bi urteotan izan duten bilakaeraren inguruan hitz egin du Iñaki Ogara Arri entrenatzaileak.
Taldea, motibatuta
Taldearentzat denboraldiko lehen partidua izango da, eta garrantzi berezia dauka, ligarik jokatu ezean halako lagunarteko norgehiagokak eta txapelketak baitira urte osoko lanaren erakusleiho nagusia. Arri entrenatzaileak azaldu duenez, "urtean zehar igandero" entrenatzen dira, eta "partida bat jokatzeko aukera heltzen denean, motibazioa eta espektatibak asko handitzen dira".
Domekero entrenatzen da taldea, Iturripen, eta gozamenari eta esperientziari ematen diote lehentasuna, emaitzaz harago. "Ligarik ez jokatu arren, liga batean dabilen talde baten moduan prestatzen saiatzen gara, horrek jokalariak gehiago inplikatzen dituelako", azaldu du Arri-k, eta gaineratu du jokalariek entrenamenduetan etengabe galdetzen dutela noiz izango den hurrengo partida edo txapelketa.
Entrenatzaileak azaldu duenez, taldearentzat liga batean parte hartzea onena litzateke. "Momentuz, Gipuzkoan ez dago ligarik, Espainia mailan badaude ligak desgaitasuna duten jokalarientzat. Horrenbestez, horrela ibili behar dugu, noizbait Euskal Herrian liga hori sortzen bada prest egoteko". Taldearen helburua argia da: saskibaloiaz gozatzea eta Ointxe klubaren balioak praktikara eramatea. "Desgaitasuna duten jokalariek eta laguntzaileek osatutako taldea gara, eta denontzat esperientzia oso positiboa da; saskibaloiaz eta elkarrekiko harremanaz disfrutatzen dugu", adierazi du entrenatzaileak.
Egutegia, beteta
Zaballako partidaz harago, egutegia beteta dauka talde inklusiboak. Bi norgehiagoka gehiago dituzte aurreikusita; horietako bat otsailean, Arrasaten, Baskoniaren aurka. Horrez gain, Aste Santuan Bilbon jokatuko den Espainiako mailako txapelketa batean parte hartuko dute, eta, aurreko urtean izandako arrakasta ikusita, Arrasate Hiria txapelketa berriro antolatzea ere badute buruan.
Etengabeko hazkundea
Duela bi denboraldi abiatu zen proiektua etengabe hazten ari dela nabarmendu du Arri-k. "Hasieran gutxieneko helburu batzuk genituen, bost jokalarirekin taldea martxan jartzea, baina, berehala, jokalarien, laguntzaileen eta familien erantzuna gure espektatiben gainetik egon zen", azaldu du. Gaur egun, 25 lagunek osatzen dute proiektua: aniztasun funtzionala duten hamabi jokalari eta hamahiru laguntzaile. Hala ere, badira
oraindik hobetzeko arloak. "Erronka nagusietako bat neska gehiago proiektura erakartzea da; momentuz, desgaitasuna duten hiru neska besterik ez dugu", adierazi du. Gainera, adin zein profil askotariko taldea dela azpimarratu du entrenatzaileak: "Taldea oso zabala da, 16 eta 62 urtera bitarteko jokalariak ditugu. Kantxa barruan daukagun aniztasuna izugarria da, eta guztiok saskibaloiak batzea oso aberasgarria da".
'Arri': "Gustatuko litzaiguke emakume gehiago animatzea gure proiektuaren parte izatera"
Ogararen ustez, taldearen indargune nagusia aniztasuna eta elkarbizitza dira. "Denok irabazten duten proiektua da, win-win bat; nork bere rolean disfrutatzen du, entrenamenduetan zein partidetan", azaldu du. Hasieratik hona taldeak egindako bilakaera ere nabarmena izan dela gaineratu du: "Hasieran arauak eta oinarriak ikasi behar izan genituen; gaur egun, esperientzia duen eta lehiatzeko gai den taldea gara, betiere disfrutatzea helburu nagusi izanik".
Gizartearekiko konpromisoa
Azkenik, Arri-k azpimarratu du halako ekimenek herri mailan duten garrantzia. "Ointxe! bezalako klubek gizartearekiko ardura daukagu; Ointxapeldunak! proiektuarekin inklusioa eta denontzako saskibaloia sustatzea da gure egitekoa". Testuinguru horretan kokatzen du Zaballako espetxean jokatuko duten partidua, kirolak gizarteratzeko eta ikusgarritasuna emateko duen ahalmenaren adibide gisa.