'Ereitten' aurkeztu dute, euskara errefortzua behar duten ikasle etorri berriei laguntzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 22a

Erretiratu bat bi ikasleri azalpenak ematen. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Erretiratutako irakasle talde baten ekimena da, eta bidelagun gehiago nahi dituzte. Informazio gehiago lortzeko edota zalantzak argitzeko honako bi bide hauek daude zabalik: 943 25 20 08 telefono zenbakira deitzea edo hezkuntza@arrasate.eus helbide elektronikora idaztea.

Ereitten egitasmoaren berri eman dute asteon, egoera zaurgarrian dauden Lehen Hezkuntzako ikasleei kalitatezko euskara errefortzuak emateko asmoz. Erretiratuta dagoen irakasle talde baten ekimena izan da; betiere, ikastetxeen laguntza jaso ostean datuen bilketarako. 2024-2025eko ikasturtean abiatu zuten, eta orduan erabaki zuen Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak parte hartzea, eta fakultate horretatik irakasle eta ikasle batzuk boluntario aurkeztu ziren; gainera, Udala eta udal euskaltegia ere bidelagun ditu Ereitten-ek.

Erretiratutako irakasle taldea

Erretiratuta dagoen irakasle talde hori joan den ikasturtean hasi zen errefortzu eskolak ematen euskararekin zailtasunak dituzten eta errefortzua beharra duten umeei, eta gogotsu daude lanean jarraitzeko: "Arrasateko ikastetxeetatik jasotako informazio eta datu akademikoei esker, egoera zaurgarrian dauden LHko ikasleen beharren identifikazio argazkia egiteko aukera izan dugu, eta, egitasmoa beste arlo akademiko eta maila batzuetara zabaltzeko beharra ikusi bada ere, euskara izan da ikastetxe guztiek lehenetsi duten arloa. Hizkuntza menperatzea delako haur horien ibilbide akademiko guztia garatzen bultzatuko duen oinarri-oinarrizko gakoa".

Talentua partekatzea

Euskara oinarri eta helburu hartuta, beraz, eskaera zehatz bat egin dute: "Lehen Hezkuntzako lehen mailako haurrei euskara errefortzuak emateko, astean behin, euren denboratik ordubete eskaintzeko prest dauden eta euskara ondo menperatzen duten boluntarioak behar ditugu; irakasle erretiratuak, hezitzaileak, batxilergoko ikasleak, unibertsitateko ikasleak... Komunitatetik sortutako egitasmo honek komunitateari laguntza eskatzen dio". Horrez gain, egiteko moduetan ere badute arreta jarrita: "Komunitatetik eta belaunaldi arteko lankidetza sustatuz, gure helburua da egoera zaurgarrian dauden ikasleei kalitatezko errefortzu akademikoa eskaintzea, inklusioa eta ikaskuntza prozesua hobetzeko. Proiektu honek komunitatean oinarritutako ahalduntze prozesuak bultzatu nahi ditu, eta, horretarako, belaunaldien arteko elkarrizketa sustatu eta elkarrekiko ikaskuntza ahalbidetu nahi du". 

Izan ere, euskara ikasi eta barneratu beharrean dauden ikasle etorri berri horiei guztiei laguntzeko badago talentua, sustatzaileen arabera: "Komunitatean talentu seniorra dugu, irakasle erretiratuen esperientzia eta jakintza aberatsa, baliagarri izan daitekeena. Eta, bestetik, unibertsitateko eta batxilergoko ikasle gazteak ere baditugu, euren ezagutzak partekatuz, prozesu honi lagundu diezaioketenak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak