23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa Sabadellen izango da otsailaren 7 eta 8an. Lehenengo egunean, 200 metroko kanporaketak eta final erdiak jokatuko dira, eta, bigarrenean berriz, finala. Lehiaketa horretan parte hartzeko aukera izango du honenbestez Zuluetak."23 urtez azpiko Espainiako Txapelketarako sailkapena lortzea urteetan egin dudan etengabeko lana eta ahalegina saritzea da, oso pozik nago emaitzarekin", adierazi du Arrasate Atletiko Taldeko atletak.
60 metroko probara sailkatzea ere helburu
Bestalde, 60 metroko proban ere parte hartu zuen Arrasate Atletiko Taldeko atletak, eta, hor ere, marka pertsonala egin zuen; 7,05 segundoko denborarekin bosgarren amaitu zuen finalean. Zuluetak esan duenez "hobekuntza nabarmena" egin du abiadura probatan funtsezkoak diren elementuetan, izan ere, "60 metroko proba teknika aldetik oso exijentea da". Bide horretan, Espainiako Txapelketaren aurretik, Euskadiko Txapelketa du jomuga Zuluetak: "Asteburu honetan, Anoetako belodromoan egingo den Euskadiko Txapelketako 60 metroko proban parte hartzea da nire asmoa. Ea, joan den astetuburuan egindako marka hobetzerik dudan, Espainiako Txapelketan parte hartzeko 6,95 segundoko markara hurbiltzeko".
Beste emaitzak
Final horretan, Zuluetarekin batera, beste hiru arrasatear izan ziren; Eneko Carrascalek –Errealeko atletak–, brontzea eskuratu zuen proba 6,97 segundotan amaitu ostean. Aitor Urangak berriz, zortzigarren amaitu zuen 7,12 segundoko markarekin. Biek ondu zituzten euren markak.
Emakumezkoetan, Arrasate Atletikok ere izan zuen partaidetza 60m-ko finalean; Ane Del Fresnok seigarren amaitu zuen 8,04 segundoko markarekin. Bestetik Arrasate Atletikon ibilitako eta, gaur egun, Super Amara BAT taldean dabilen Seckou Sissokok, Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen, 400m-ko proban.