Kooperatiba izatera pasa da Fagor Healthcare, osasungintzaren sektoreko posizioa "indartzeko"

Koldo Zubia Salas 2026ko urtarrilaren 19a

Gorka Bergaretxe Muguruza, Fagor Healthcare kooperatibako lehendakaria, Arrasateko egoitzan; 'CircuTrack' gailua eskuetan duela.

2012an sortu zen Fagor Healthcare, eta, orain, 2026an, kooperatiba izatera pasa da. Honenbestez, bederatzi dira Fagor Taldea osatzen duten kooperatibak. Osasungintzaren sektoreko kooperatiba bezala, haren marka eta merkatuko posizioa "indartu" egingo direla adierazi du Fagorrek.

Fagor Healthcare S. Coop.-ekin ekin dio Fagorrek 2026ari, eta, Fagor Taldeko bederatzigarren kooperatiba izango da aurrerantzean. 2012an, osasungintzaren sektoreari begirako negozio bat sortzeko apustua egin zuen Fagor S. Coop.-ek, Mondragon Innovationekin batera, eta, ordutik, dimentsioa eta bideragarritasuna "sendotu" ditu proiektuak, besteak beste, Nafarroako Cinfa farmazia-laborategia bazkide gisa batu baita.

Egoera horrek "ahalbidetuta" eta, marka eta merkatuko posizioa "indartzeko" hartutako erabakia dela adierazi du Fagor Taldeko idazkari orokorra den Amaia Agirre Aramburuk: "Urrats berri honek ahalbidetuko du Fagorrek kooperatiba bat izatea osasungintzaren sektorean. Exijentzia eta zorroztasun handia eskatzen dituen merkatu nitxoa da, beraz, Fagor markaren fidagarritasuna indartzea ekarriko du. Berri ona da, dudarik gabe".

Hamarkadatik gora osasungintzaren sektorean

Pazienteen atxikidura terapeutikoa hobetzeko eta haien senitartekoei eta zaintzaileei laguntzeko helburuarekin, Fagor markako pilulen dosifikazio sistema pertsonalizatua eskaintzen dabil Fagor Healthcare, hamarkada bat baino gehiagoz. "Pilulen dosifikaziorako sistema berritzaileei esker, paziente kronikoek behar bezala har dezakete
agindutako medikazioa, eta, horrek, haien bizi-kalitatea hobetzea dakar", dio Gorka Bergaretxe Muguruzak, Fagor Healthcareko lehendakariak. Gaur egun, 2.500 farmazia baino gehiagok eskaintzen dute Fagor Healthcareko zerbitzua, eta 60.000tik gora dira Fagor markako pilulen dosifikazio sistema pertsonalizatua erabiltzen duten pazienteak. Horrenbestez,  Espainiako estatuko merkatuan "ondo" kokatuta dagoela diote Fagor Taldetik, baita Europako merkatu desberdinei begira hasiak direla ere.

Berrikuntzei eta produktu berriei dagokienez, medikazioa gogorarazteko merkatuan dagoen Whatsapp bidezko "sistema bakarra" eta hartualdien betetze-mailaren gaineko "kontrol zorrotzagoa" eskaintzen duen medikamentuen dosifikaziorako CircuTrack gailua merkaturatu ditu Fagor Healthcarek azken urteetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak