Debagoieneko ordezkariei dagokienez, Madalen Etxegarai oñatiarra ez da nahi besteko fin ibili: "Emaitzaz harago, ez dugu maila eman. Tanto asko oparitu ditut; haserre nago nire buruarekin. Akats asko egin ditugu, gehiegi; partiduan nahiko ondo sartu gara baina gero partidutik irten gara edo atera egin gaituzte; aurkariek ere ia dena egin dute ondo, eta horrek erabat baldintzatu gaitu. Eskuz binakako txapelketa hau luzea eta horrek ondo egingo digu, eskertzen da egutegi iraunkor bat izatea; ahalik eta emaitzarik onenak lortu dugu helburu".
Bestalde, bigarren partiduan garaile irten den Arrate Bergara pilotari bergararra pozik zegoen lehiaren amaieran: "Markagailuan aurretik joan gara partida osoan zehar eta horrek konfiantza eman digu. Tarte bat egon da aldea murriztu digutena eta hor gakoa izan da deskantsua eskatu izana. Pareta aurkitzen saiatu gara, Itsaso estutzea; izan ere, ikusi dugu gaur ez duela egun onena izan... Olatzekin oso gustura nabil, oso ondo ulertzen gara. Finalerdietara sailkatzea da gure lehen helburua; iaz finalera heldu ginen baina ezin txapela jantzi, ea arantza kentzerik dugun... Baina, oraingoz, partidaz partida joatea dugu lehentasun, finalerdietan egon gaitezen".