Gizarteari kritika zorrotza egiteko lau kantu berri 112 taldearen 'Mundu hau' diskoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko urtarrilaren 16a

Arrasateko 112 musika taldeko kideak, entsegu-lokalean, eguaztenean. Argazkia: 112.

Arrasatekoek Lekeitioko gaztetxean aurkeztuko dute bihar, zapatua, bigarren lana.

WC taldearen errautsetatik sortutako Arrasateko musika taldea da 112. 2020an abiatu zuten proiektu berria eta gaur egun Jokin Dolarak (bateria-jolea), Julen Altunak (baxu-jolea), Julen Madinabeitiak (gitarra-jolea) eta Josu Basterrak (abeslaria eta gitarra-jolea) osatzen dute laukotea. "Mundua eta gizartea bera dekadentzian ikusten dugunez, proiektuari 112 izena jartzea pentsatu genuen, gizartearekiko larrialdi dei bat egiteko asmoz, eta, bide horretatik, gure lehen lanari Azken deia deitu genion, aldaketa bat egon ezean atzera bueltarik egongo ez delako", azaldu du abeslariak.

Abenduan, 'Mundu hau'

Abenduan argitaratu zuten herriko Hamarratz estudioan grabatu zuten taldearen bigarren lana, Mundu hau izenekoa. "Lau abestirekin osatuta dago: bi euskaraz eta bi gazteleraz. Hainbat kolaborazio sartu ditugu; esaterako: Perlata; Trullo y sus Zurullos Mekanikos eta Banana Shake taldeak eta baita gure bateria-jole ohi Antxon Carretero (El Volquete, Sune eta Chuleria Joder!) ere; izan ere, gurekin zegoen abesti horiek sortzen hasi ginenean. Oso pozik gaude emaitzarekin; Hamarratzekoak gertukoak dira, eta gustura ibili gara elkarlanean".

"Lau abestirekin osatuta dagoen bigarren laneanhainbat kolaborazio sartu ditugu"

Rock-zaleak direla aitortzen duten arren, punk edo punk-rocka egiten dutela gaineratu du abeslariak: "Inguruko taldeek lantzen dituzten gaietatik eta topikoetatik aldentzen saiatzen gara, baina, egia esanda, sudur puntan jartzen zaigun edozeri buruz egiten dugu berba abestietan, batez ere kritika asko eginez, ahal den guztiari, kar-kar, gure burutik hasita eta, esaten den moduan, mihipekorik eduki barik. Lan berrian, adibidez, burutik jota dauden estatubatuar boteredunei zuzendutako abesti bat sartu dugu".

CDa lehenengo, biniloa laster

Durangoko Azokan, Musika Zuzenean standean, izan zuten lan berria salgai, eta, oraingoz, kontzertuetan bakarrik saltzeko asmoa dute. "Azokarako justu heldu zen CDa, eta datorren astean jasoko dugu binilo formatuan; bost eurotan izango da CDa eta hamar eurotan biniloa.

Horrez gain, Bandcampen eta Youtuben ere entzun daiteke, baina Spotifyn ez, plataforma hori boikotatzea erabaki dugulako, abesten dugunak eta hartzen ditugun erabakiek bat etorri behar dutela uste dugu eta. Aurreko diskoa oraindik Spotifyn daukagun arren, handik kentzeko buru-belarri ari gara".

Aurkezpen-bira, abian

"Harrera ona" izan du diskoak, oraindik bakarrik lagun artean eta Durangoko Azokan saldu badute ere, eta "gogotsu" daude zuzenean aurkezteko. Bihar, zapatua, abiatuko dute aurkezpen-bira, Lekeitioko gaztetxean. "Beste kontzertu batzuk ere lotu ditugu; adibidez: otsailaren 7an, Legazpiko gaztetxean; apirilaren 18an, Iruñeko Aitziña tabernan; eta maiatzaren 9an, Arrasateko gaztetxean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak