Dermatosi nodular kutsakorra: txertaketa, eta lehen sektorean ekarriko dituenak

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko urtarrilaren 16a

Debagoieneko ganaduzaleak: Ibai Alberdi, Iñigo Almortza, Valentin Gabilondo eta Julen Abasolo.

Txertaketa kanpainaz harago, gaixotasun kasuren bat izaten bada guztiak sakrifikatu beharra salatu dute Debagoieneko abeltzainek; baita kanpaina Gipuzkoan bakarrik aurrera eramatea ere. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak behi-azienda osoarentzako dermatosi nodular kutsakorraren aurkako nahitaezko txertaketa abiatu zuen, prebentzio neurri gisa, joan den urtarrilaren 9an. Guztira 1.900 ustiategitako 42.500 abelburu txertatzea aurreikusten da, eta hainbati eragingo diete Debagoienan. Bi hilabeteko epean egingo den kanpainak ez du kosturik izango abeltzainentzat, eta, gaur arte lurraldean gaixotasunaren fokurik atzeman ez den arren, neurri hori hartzea erabaki dute. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak erabaki du txertaketa Gipuzkoan eta Nafarroa erdian egitea, eta, Jaurlaritzak EAE osoan egiteko eskaera egin arren, ez da txertaketa masiborik egingo Araban eta Bizkaian, oraingoz.

Lurralde kontuekin hasi ziren abeltzainen eta administrazioaren arteko lehen eztabaidak. Julen Abasolo eta Iñigo Almortza abeltzainek, esaterako, diote ez dela zentzuzkoa Gipuzkoan guztiek baina Bizkaia eta Araban txertorik ez jasotzea; baldintzak guztiontzat berberak ez direla diote. Zonifikazio koherenteagoa jasoko duen akordioa lortzea eskatzen dute abeltzainek, neurria eraginkorra izan dadin. Hiru lurralde historikoen arteko larre-eremuetan jarraitutasuna eta lurralde bat baino gehiagotan jarduten duten ustiategien existentzia azpimarratzen dituzte, eta elkarreragina handia dela ohartarazi. Valentin Gabilondoren aburuz, zazpi probintziak txertatu beharko lirateke, gaitza prebenitzeko.

Jada hasi dira lehen txertaketak; Julen Abasolorengana joan den martitzenean joan ziren; Gabilondorengana, berriz, datorren astean joango dira. Abasolok hasieratik argi utzi du bera ez dela gaixotasunetan aditua, eta, horrenbestez, ez duela irizpide zehatzik txertoaren aurka agertzeko: "Pertsonak ere txertatzen gara; gripeagatik, esaterako. Behietan beste gaitz batzuk agertu eta hala badiote, txertatu egin beharko dira". Txertaketaz harago, Abasolo kezkatuta dago behi bat gaixotuta ukuilu guztia hustearen kontuarekin. "Txertatu ostean, ez da arazoa konpontzen", nabarmendu du Ibai Alberdi ganaduzaleak.

A kategoriaren ondorioak 

Gaixotasuna A kategoriakoa izanik, kasu bat agertzeak abere-talde osoa hiltzea dakar, prebentzio neurri moduan. Ondorioz, txertaketa bera zalantzan jarri du Iñigo Almortzak: "Ez dauka zentzurik kasu bakarrarekin guztiak hiltegira bidaltzeak". Azaroan bizi izan zuen 90 abelbururen sakrifizioa haren ustiategian, tuberkulosi kasu baten ondorioz, eta gaur egun hustuta jarraitzen dute; horrelako egoerek aurrera jarraitzeko gogoa kentzen dutela aitortu du Almortzak. Valentin Gabilondok salatu du neurri horren aurrean baserritarrentzat administrazio eta agintarien aldetik bermeak falta direla; hustera behartuta baleude, jasoko lituzketen laguntza ekonomikoen ezagutzarik ez daukatela jakinarazi du.

Irungo protestak

Atzo, eguena, protesta masiboa egin zuten, Irunen, Nekazari eta Abeltzain Txikien Batasunak (UPA) deituta, Euskal Herriko ENBA eta EHNE erakundeekin batera. Inguruetako behi-aziendaren sektoreko abeltzainak Frantziako mugaren ondora bildu ziren, dermatosiaren kalifikazioa alda dezaten, eta baserri batean positiboren bat agertuz gero ukuilu osoa hiltegira bidali beharrean positibo eman duen burua bakarrik sakrifikatzeko eskatu zuten. Julen Abasolok bat egin zuen deialdiarekin, eta Ibai Alberdi ere bat dator nekazarien indarrak elkartzearekin; lehen sektoreak indarrak batzea ezinbestekoa dela azaldu du. Protesten bigarren eskaria Mercosur akordioa gelditzea da.

Mercosur akordioa "gelditu"

Hogeita bost urteko negoziaketen ostean, badirudi Mercosur-en – Paraguai, Brasil, Uruguai eta Argentina– eta Europako Batasunaren arteko akordioa aurrera doala; hori horrela balitz, merkataritza libreko gune handiena sortuko litzateke, 700 milioi kontsumitzailerekin. Bi norabidetan muga-zergak eten egingo dira, eta merkeago iritsiko diren produktuen artean daude behikiak.

Debagoieneko abeltzainak, Europako nekazarien protestei jarraituz, ez dira akordioaren alde agertu, eta lehia desleialaren zein lehen sektorearen hondamendiaren erruduntzat jo dute batzuek. Iñigo Almortzak interes politiko nabarmenak salatu ditu, eta Abasolo bat dator: baldintza berak ez betearazteak "lehia ezinezkoa" sortzen duela esan du. Bertako nekazariei eskatzen zaien maila "izugarria" da, eta ez zaizkie baldintza horiek esportazioei betearaziko. "Ez dut uste kasualitatea denik, ez zaie interesatzen bertan produzitzea" azaldu du Almortzak.

Gabilondok "haizea aurka" dutela onartu duen arren, bertako produktuen kalitatea beste inon aurkitzen ez dela eta desberdintzen jarraitu behar dutela adierazi du. Urtarrilaren 17an sinatuko du Europako Parlamentuak akordioa, eta hori gelditzeko borrokan dihardute Euskal Herriko abeltzainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak