Arrasateko Tailaginen Elkarteak abian jarri du hasi berrientzako ikastaroa

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 16a

Iñaki Kortabarria eta ikastaroko lehen saioko parte-hartzaileak, martitzenean.

Martitzenean hasi zen Arrasateko Tailaginen Elkartearen urteko lehen ikastaroa. 40 orduko ditu, eta martxoaren 20ra bitartean, martitzen eta eguen arratsaldero egingo dituzte saioak, ARTEren tailerrean. 

Egurrarekin lehen kontaktua izan nahi dutenei zuzenduta dago, eta urtero izaten dira batzuk, ikasteko asmoarekin, ARTEk Araba etorbidean duen zura lantzeko tailerrera joaten direnak. Martxoaren 20ra arte, martitzen eta eguen arratsaldeetan ARTEko tailerrean egingo dituzte saioak.

Iñaki Kortabarria elkarteko presidenteak dioenez, orain arte egurrarekin kontakturik izan ez dutenek "egurra bera zer den ikastea" izango da lehen urratsa: "Garrantzitsuenetik hasi behar da, eta, ondoren, ikasten joaten dira gainontzekoa: erremintari nola heldu behar zaion, egurra nola landu behar den... Eta, horrez gain, egur desberdinak ezagutzeko aukera ematen du ikastaroak, oinarrizko pieza batzuk egiten ikasten dute". Sei gizon joan ziren lehen saiora, eta, Kortabarriak azaldu duenez, ateak irekita dituzte oraindik ikastaroa egin nahi duen beste edozeinentzat.

Lehen astean oinarrizko kontzeptu batzuk barneratzeko saio bi egin dituztela adierazi du Kortabarriak: "Horrelako ikastaro batean, oinarrizko ezagutzak menperatzen badituzu kutxa bat bezalako gauza batzuk egin ditzakezu". Hala, taillaren oinarriak ikasteaz gain, egurra lantzen hasteko "informazio nahikoa" jasotzen dutela adierazi du ARTEko presidenteak: "Egur mota bakoitzak baditu bere ezaugarri propioak: gogortasuna, kolorea eta usaina, adibidez. Ikastaroa amaitu ondoren, ikasleek badakite zuhaitz bat ikusita zein den egur horren ezaugarria. Horretarako, beti antolatzen ditugu irteerak museoetara".

60 bazkide daude Arrasateko Tailaginen Elkartean, eta hiru emakumeak dira

Hastapenekoaz gain, maila handiagoko ikastaro bat egiten dute maiatz eta ekain partean. Oinarrizko ezagutza duten ikasleei zuzenduta egoten da, eta "trebezia handiagoa" eskatzen duten piezak lantzen dituzte; hala, Kortabarriak dioenez, "zailtasun handiagoko piezak lantzen dira, oinarrizko jakintza batekin datozelako. Ikastaro hura 40 ordukoa da, baina, sanjuanetarako amaituta egoteko, saio bakoitza bi ordu eta erdikoa izaten da: egun gutxiago ditu.

Elkartea, bizi-bizirik

Bazkideak euren giltzarekin joaten dira ARTEko tailerrera, eta, hala, ikastaroak abian izan edo ez, mugimendurik ez da falta izaten ARTEko tailerrean. "Normalean, mugimendua egoten da, baina, neguan jende gehiago etortzen da lan egitera. Gehienak bazkideak direnez, bakoitza posible duenean etortzen da tailerrera".

Gaur-gaurkoz, 60 bazkidek osatzen dute elkartea, eta gora egiten jarraitzen du kopuruak. Iaz, kasu, hamar bazkide berri sartu ziren elkartera, eta, kopurua nabarmen hazi bada ere, profila ere "aldatzen" joan dela nabarmendu du Kortabarriak. "Elkarteak ateak zabalik ditu edonorentzat, eta hala ikusi da bazkideetan ere: "14 urteko hiru kide daude, eta emakumeen presentzia asko indartu da azken urteetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak