2027ari begira, elkarteak zuzendaritza berria osatu beharko du, eta horretarako lehen urratsak egin zituzten bileraren amaieran: hiru boluntariok izena eman zuten aldaketa prozesua martxan jartzeko; prozesua irekita gelditu da datozen hilabeteetarako. Olatz Igartua presidenteak azaldu zuen zuzendaritza berritzeko prozesuak izapide ugari eskatzen dituela, eta horregatik hasi direla kudeaketarekin horren goiz. Era berean, nabarmendu zuten gazteen parte-hartzea garrantzitsua dela, baina esperientziadun jendearen beharra ere azpimarratuta. Kuota mantentzea erabaki dute, eta aurrekontua iazkoa baino pixka bar handiagoa izango da, ekintza gehiago antolatu dituztelako.
Eski irteerak, prest
Aurtengo eski denboraldiari begira, hiru irteera antolatu ditu elkarteak. Aste Santuan, apirilaren 3tik 11ra, Cerviniara (Italia) egingo den bidaia dagoeneko beteta dago. Horrez gain, eski alpinoa praktikatzeko bi irteera egingo dituzte, Formigalera: otsailaren 21ean eta 22an lehena eta martxoaren 14an eta 15ean bigarrena. Izen-ematea zabalik dago eta parte hartu ahal izango dute Besaideko bazkide ez direnek ere, prezioan aldaketa txiki batekin; mendian federatuta egotea ez da ezinbestekoa kasu horretan.
2026ko hainbat ekintza
Leixargarateko aterpea ezagutarazteko asmoz, maiatzaren 24an irteera berezia egingo dute, Arabatik abiatuta. AGAMI Arrasateko gaztetxoentzako mendi ibilaldia ere antolatu dute, bigarrenez, irailaren 26rako, iazko harrera ona kontuan hartuta. Halaber, bi urtean behin antolatzen duten Aiba! mendi martxa ere egingo dute aurten, urriaren 31n. Horrez gain, Alpino Tabira Durangoko mendi elkartearekin elkarlanean, Anboto ezagutzen irteera egingo dute aurten; iaz, Besaideren gidaritzan, Udalatxen izan ziren.
Urteko edozein unetan egin daitezke herritarrak bazkide, eta mendian federatzeko tramiteak ere elkarteak kudeatzen ditu. Izena eman nahi dutenek Besaideko lokalera jo dezakete astearte eta asteazkenetan, 19:30etik 20:30era, edo ordutegi horretan telefonoz deitu. Posta elektronikoz ere jar daiteke harremanetan elkartearekin: besaide@besaide.eus. Elkarteak webgunea baduen arren, oraingoz izen-emate sistema ez dago sistematizatuta. Elkarteko ordezkariek adierazi dute bazkideen artean gogoa eta ideiak badaude, baliabideak prest egongo direla.