Joseba Ezpeletak, Arrasateko Udaleko Ogasun zinegotziak, uste du "jauzi kualitatibo handia" dela indarrean sartu berri den tributu sistema progresiboa. "Lehen urratsa da, baina bidea irekiko diona datozen urte eta agintaldietan progresibitatean sakontzen joateko. Izan ere, neurri garrantzitsu honetan pertsona eta familia langileak izango dira onuradunak; hau da, gutxien duenak, gutxiago ordainduko du".
Sistema berriarekin, pertsonen ezaugarriak kontutan hartu beharrean, pertsonen egoera ekonomikoa hartuko dute kontutan hobariak emateko, hau da, ikasleek, guraso bakarreko familiek, pentsionistek edo desgaituek, soilik duten izateagatik, ez dute hobaririk izango. "Hobaria izateko irizpidea egoera ekonomikoa izango da, ondarea eta diru-sarrerak, hain zuzen; beraz, pertsonek hobariak izango dituzte soilik egoera ekonomikoaren arabera, behar ekonomikoa dutenean". Horrela, ekonomikoki beharrik ez dutenek, tarifa arruntak ordaindu beharko dituzte, gainontzeko herritarrek bezala. "Eredu aldaketa bat da, progresibitatearen bidetik", zehaztu du Ezpeletak.
Gizarte Zerbitzuetako laguntzak, aparte
Hobari horiek ez dute eraginik izango Gizarte Zerbitzuek ematen duten laguntzetan. "Laguntza horiek bestelakoak dira, eta egoera larrian dauden pertsona eta familiei laguntzeko helburua dute. Laguntza independenteak dira, Gizarte Zerbitzuetako teknikarien irizpide eta balorazioek ezarritakoak. Tributu Sistema berrian baloratzen diren irizpideak ekonomikoak dira", zehaztu du.
Gutxiago duenak, gutxiago ordainduko du
Udalak 2024an egindako diagnosi sozio-ekonomikoaren arabera, Arrasateko batez besteko errenta pertsonala 26.749 eurokoa izan zen –31.751 euro gizonetan eta 22.001 euro emakumeetan–. "Ezberdintasun handiak daude errenten artean, eta progresibotasun horren isla izan behar du kutxa amankomuna den Udalean", dio Ogasun zinegotziak. Hori dela eta, familia-unitatearen errenta eta ondare maila izango dituzte kontuan. "Horretarako, PFEZaren aitorpeneko datuak eta banku-ondarearen mugak erabiliko ditugu. Gainera, zenbait egoeratan kenkari gehigarriak jasoko dira: guraso bakarreko familien kasuan, genero-indarkeriaren biktimen kasuan edo %33tik gorako desgaitasuna duten kideen kasuan".
Bestelako hobari batzuk
Errentaren araberako hobariez gain, bestelako politikak sustatzeko hobariak ere izango dira; besteak beste, energia berriztagarriak sustatzekoak, alokairua sustatzekoak, komertzio berriak sustatzekoak edota arrazoi sozial, kultural edo historiko-artistikoak dituzten proiektuak gauzatzekoak.