Masters Laboral Kutxa txapelketa bigarrenez jokatuko dute Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Oraingoan, txapelketako laugarren jardunaldiaren baitako bi partidu jokatuko dituzte, eta bi debagoiendar egongo dira.
Lehen partiduan, Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak Madalen Etxegarai oñatiarraren eta Andrea Capellanen aurka jokatuko dute. Bigarrenean, berriz, Olatz Arrizabala eta Arrate Bergara bergararra Aizane Ibarrolaren eta Itxaso Erasunen kontra ariko dira.
Sarrera librea izango da, edukiera bete arte. "Herritar guztiak animatu nahi ditugu emakumezkoen pilota babestera eta hilaren 18an partidua ikustera joatera", adierazi dute udal ordezkariek.
Halaber, gaineratu dute emakumeen kirola sustatzea erakunde guztien ardura eta betebeharra dela. "Horregatik, ekitaldiaren antolaketan udaleko kirol arduradunak egoteaz gain, berdintasun ordezkariak ere elkarlanean aritu dira. Herritarron parte hartzea garrantzitsua izango da emakumezkoen pilotari balioa emateko".