Bi eski irteera egingo ditu Besaidek aurten, biak Formigalera, eta dagoeneko ireki ditu izen-emateak. Lehena otsailaren 21ean eta 22an izango da, eta otsailaren 11ra arte eman daiteke izena. Bigarrena martxoaren 14an eta 15ean izango da eta martxoaren 4an bukatuko da izena emateko epea. Prezioari dagokionez, bietan, bazkideek 130 euro eta bazkide ez direnek 145 euro ordaindu beharko dituzte.
Prezio horretan sartzen da autobusa, gau bateko egonaldia, afaria eta gosaria. Bi kasuetan, irteera zapatuan izango da, 05:00etan, Nafarroa etorbideko geltokian, –Forum dendaren atzeko autobus geltokian–. Gutxieneko partaide kopurua 20koa da eta gehienezkoa, aldiz, 55ekoa.
Izena emateko aukera Besaideko bulegoan egongo da, astelehen eta martitzenetan, 18:30etik 19:30era, edo eskiirteerak@gmail.com helbidera mezua bidalita. Ordainketa honako kontu korronte honetan egin beharko da, izen-abizenak jarriz: ES55 3035 0001 51 0010017562.
Asteburu honetan, Laudiora
Era berean, urtarrilaren 18an Laudiora egingo dute irteera, 07:30ean Nafarroa etorbideko geltokitik irtenda, Kamaraka-Goikogane ingurura. Bihar eta etzi egongo da izena emateko aukera, Besaideren bulegoan.