Gogor hasi zen ART Arrasate, Elorriori garbi utziz ez zeudela brometarako, eta ia berdinketarekin (8-10) amaitu zuten lehen zatia. Bigarrenean, bisitariek entsegu bat egin zuten, hasi bezain laster; etxekoek ez zuten etsi, eta markagailua 15-17an jartzera ailegatu ziren; baina behin 18-22ra iritsita, ez zen beste tantorik ailegatu. "Hortik aurrera, borroka latza izan dugu talde bien artean, fisikoki oso gogorra eta jolasteko polita. Azkenean, bi taldeak geratu gara pozik eta elkar zoriondu dugu", adierazi zuen Xabier Gardoki Jabok, taldeko kapitainak, partidu amaieran.
"Atsedenean aldagelan geundela esan dugu gaur zela eguna, aukera genuela. Baina Elorriori irabaztea oso zaila da, urteak doaz lehen postuan, oso ekipo gogorra dute... eta gaur aukera izan dugu, baina, gutxigatik bada ere, ez da posible izan. Pena, eta, aldi berean, poztasuna", erantsi zuen.
Bigarren itzulia, abian
Euskal Ligako Lehen Mailako taldeentzako, denboraldiko bederatzigarren jardunaldia eta bigarren itzuliko lehena izan zen atzokoa. Arrasatearrentzat, galtzen duten hirugarren partidua izan zen, eta etxeko lehen porrota, baina pozik azaldu ziren egiten ari diren lanarekin: "Lehen itzuli ederra egin dugu, eta uste dut merezitako tokian gaudela. Bigarren itzuli osoa geratzen zaigu aurretik, eta lanean jarraitu behar dugu hemendik aurrera ere, ez dago besterik", zioen Jabok. "Ez dut uste bigarren postua mantenduko dugunik, baina hor dago lehia eta saiatu egin behar gara. Gainera, bigarren bueltan partidu gehiago ditugu etxean lehenengoan baino, eta ahalegindu behar gara hemengo partidu denak aurrera ateratzen eta kanpotik ere ahalik eta garaipen gehien ekartzen", gaineratu zuen.
Lehen eta bigarren postuak bizkaitarrentzat
Porrot honen ostean, eta Getxok lortutako garaipena eta gero, Kanpanzar Arrasatek bigarren postua galdu du; bi taldeen artean puntu bakarreko aldea dago -29 eta 28-. Elorriok jarraitzen du lidergoan, 41 punturekin.
Hurrengo asteburuan, berriro ere etxean jokatuko du Kanpanzar Arrasatek, Uni Bilboren aurka.