Azken minutura arte saiatu arren, Ointxe Smartlog taldeak 64-72 galdu du Iturripen

Larraitz Zeberio Lekuona 2026ko urtarrilaren 11

Defentsa akatsak izan zituzten lehen bi laurdenetan eta Mariscos Anton talde galiziarreko jokalariek ondo baliatu zituzten atsedenera 30-38 helduz. Azken bi partzialak parekatuagoak izan baziren ere, ez zen nahikoa izan markagailuari buelta emateko.

Galiziako taldea aurretik joan zen partidu osoan. Laurdenetako emaitzak adierazgarriak dira: 16-21, 30-38, 45-53 eta 64-72. Lehen bi partzialak galiziarren aldekoak izan ziren (16-21 eta 14-17) eta azken biak berdinketarekin amaitu baziren ere (15-15 eta 19-19) ez ziren nahikoa izan garaipena lortzeko.

 Zuzendu beharreko akats asko egin zituztela adierazi zuen partidu amaieran Joane Legarreta jokalariak. "Saiatu gara baina akats asko izan ditugu jaurtiketetan eta defentsan, eta horrela zaila da partidu mota hau irabaztea. Talde oso ona da, baina bi jokalari falta zituzten eta pentsatzen genuen posible izango zela irabaztea. Ez dugu ondo jokatu; defentsan nahiko ahul ibili gara hasieran, intentsitatea falta izan zaigu eta nabaritu egin da amaierako markagailuan. Horrelako partiduetatik ikasi egin behar berriz ez gertatzeko", esan zuen.

Aurrera begiratuta hobera egiteko taldea dutela azaldu du Legarretak: "Espero dugu hobera egitea. Partida gehiago irabazteko taldea dugu, ideiak ere badaude. Gora jotzea gustatuko litzaiguke".

Hurrengo asteburuan ere Iturripen

David Peñak gidatzen duen taldeak ezin izan du ligako joaneko erronda garaipen batekin bukatu. Jardunaldiari amaiera emateko multzo bereko taldeen arteko bi partiduren faltan zazpigarren daude taulan, erdi erdian.

Hurrengo asteburuan ere Iturripen jokatuko dute; hain zuzen ere, taularen beheko postuetan dagoen Robles Lleidaren aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak