Ane Odriozola: "Ez nuen uste hain azkar iritsiko ginenik bigarren ediziora, eta oso pozik nago"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko urtarrilaren 12a

Ane Odriozola idazlea. Argazkia: Josu Altzelai.

2018an sortu zuen lehenengo eleberria Arrasateko BAZen lan egiten duen Ane Odriozolak (Legazpi, 1979); urte amaieran argitaratu zuen Al subir la marea bosgarren lanarekin arrakasta handia ari da izaten.

Azkeneko lanarekin ziklo bat itxi duzula diozu; zergatik?

2024an argitaratu nuen El valle del hierro liburuan XVI. men- deko Euskal Herriko barnealdean nola bizi ziren kontatu nuen, eta olagizonak eta baserritarrak ziren protagonista; Al subir la marea izenekoa, berriz, kostaldean kokatuta dago eta ontziolen eta marinelen munduan oinarrituta dago. Bi liburuak XVI. mendean kokatuta daude eta badute lotura bat elkarren artean, istorio independenteak diren arren; pertsonaia batzuk bietan agertzen dira.

Sar gaitezen Al subir la marea-n.

Tradizioen, familia-sekretuen eta ustekabeko heriotzen artean, botereak eta itxurak menderatutako mundu batean familia baten gorakada eta erorketa erretratatzen ditu. 1568ko Zarautzen kokatuta dago. Ontziolako maisu Bartolome de Irigoyen bere ondarea babesteko borrokan ari da, bere ibilbideko galeoirik handiena [Santa Maria] eraikitzean izandako hondamendiaren ondoren. Negozioa eta familiaren ohorea salbatu nahian, kreditu, herentzia eta ezkontza-aliantza zurrunbilo batean sartuko da, eta bere bi semeak nahastuko ditu. Beatriz, ametsez betetako gaztea, euren bizitzetan sartzen denean, konponbidea zirudiena ekaitz bihurtuko da, bi anaien artean inoiz sendatu ez ziren iraganeko zauriak azalera aterako dituena, familiaren hondoratzearekin mehatxatuz betiko. Minduta eta umiliatuta, neskak Zarauztik ihes egin beharko du, lehenago edo geroago dena betiko aldatuko duen mendeku baten hazia landatu ondoren.

Argi dago jolas moduan abiatu zenuen idazle bidea arrakastaz daroazula; horren erakusle da saltzen dituzun ale mordoak; non dago, zure ustez, arrakastaren gakoa?

Gertuko istorioak idazten ditut, misterioz eta giroz beteak. Irakurleari asko gustatzen zaio hori, eta, gainera, garai bateko euskaldunak nola bizi diren kontatzen dut, modu erraz eta erakargarrian. Pertsonaiek indar handia dutela ere askotan esaten didate; era askotakoak sortzea gustatzen zait: gazteak, zaharrak, maltzurrak, bihotz onekoak....

Hilabete eta erdi eskasean ale guztiak agortu dira eta bigarren edizioa duzu kalean; espero zenuen?

Aurrekoetan moduan, feedbacka oso ona ari da izaten. Durangoko Azokara El valle del hierro eta Al subir la marea liburuak eroan nituen, ustez ale asko, baina guztiak saldu nituen. Imajinatzen nuen istorio berria ere irakurleei gustatuko zitzaiela, baina ez nuen uste hain azkar iritsiko ginenik bigarren ediziora. Liburu-dendetan eta online duzue berriz eskuragarri.

Argitaletxe baten babesa duzu orain, ezta?

Bai; hala da. Gibolako trilogia autoekoiztua izan zen eta Circulo Rojorekin argitaratu nuen, baina El valle del hierro idatzi nuenean agente literarioa lortu nuen eta Planetan sartu ninduen berak. Planeta barruan dagoen zigilu berri bat da NdeNovela, eta azken bi liburuak zigilu horrekin argitaratu ditut. Orain argitaletxeak egiten du dena, nik eleberriak idatzi bakarrik.

Baduzu esku artean beste lanik?

Bai; lehenengo aldiz, gaur egungo istorio batekin nabil, thriller judizial bat. Epaimahai popularra duen epaiketa baten inguruko eleberria da. Mundu berri bat zabaldu zait eta asko ari naiz disfrutatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak