Xabier Gardoki: "Jokatzen hasi nintzen lehen eguneko ilusio berdinarekin zelairatzen naiz oraindik"

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 9a

Xabier Gardoki Mojategin. Irudia: Goiena.

Bizitza erdi baino gehiago darama Jabok (Arrasate, 1984) Arrasate Rugby Taldeko elastiko zuri-morea defendatzen. Gaur gaurkoz, taldeko kapitaina da, eta errugbian jokatzeko gogoak, hasieran bezala, handiak izaten jarraitzen du berarentzat. 

1999. urtean hasi zen Gardoki errugbian jokatzen, eta hogeita sei urteren ondoren, eta tartean zelaian bai zelaitik kanpo bizi izandako hamaika bizipenen ondoren, errugbian jokatzeko ilusio berberarekin jarraitzen du ARTko kapitainak.

Zergatik errugbia?

Gaur egun gertatzen denaren antzera, gaztetan futbol partiduak ikusten igarotzen genituen arratsaldeak. Nik ere ilusio hori nuen, eta Mondran hartu ninduten futbolean jokatzen hasteko. Hala, liga hasi aurretik, denboraldi-aurrean, federaziotik lege berri bat abian jarri zen non taldeak 25 fitxa izatetik 22ra igaro behar ziren eta ni izan nintzen kaleratu zuten hiru jokalarietako bat. Une hartan, desilusio handia izan zen niretzat, eta koadrillan errugbian jokatzen zuten hiruzpalau jokalariei esker animatu nintzen errugbia probatzera. Ez dakit bizitzan hartutako erabaki onena izan daitekeen, baina onenetakoa bai, seguru.

"Ez dakit bizitzan hartutako erabaki onena izan ote den, baina, onenetakoa bai, seguru"

Nola gogoratzen dituzu lehen entrenamenduak?

Oso gogorrak ziren. Kadetetan hasi ginenean Distrito izeneko entrenamendu batzuk egiten genituen. Distrito zen inolako zentzurik gabe korrika egiten hastea, kiroldegian hasi eta Makatzenako azken eskailerara arte. Gogorrak izaten ziren, baina nik uste dut hasiera batetik oso ondo moldatu nintzela kirolera. Oso pozik hasi nintzen eta horrela jarraitzen dut gaur egun ere.

Garagartzako zelaia ere ezagutu zenuen.

Bai. Kiroldegian areazko zelai baten entrenatzen ginen. Zelaia ikustekoa zen, ura drainatzeko harri batzuk zituen area azpian, eta euria egiten zuenean harriak zelaira irteten ziren. Kiroldegian igarotzen genituen arratsaldeak eta asteburua heltzean, partiduak Garagartzan jokatzen genituen. Beste errugbi bat zen hura.

Horrenbeste partidu jokatu ondoren nola egiten diezu aurre partiduei?

Kadeteetan jokatzen hasi nintzenean gorpuzkera handia neukan, eta beldurra baino gehiago ilusioa sentitzen nuen. Ondoren, seniorretara jauzi egitean, igarri nuen lehiatzeko modua guztiz desberdina zela. Lehen taldera iritsi nintzenean ni baino jende askoz zaharragoa zegoen, eta une hartan bai sentitu nuela beldur puntu hori; batik bat, partiduak gaur egungoak baino gogorragoak zirelako, eta kirol lehia horretaz aparte errugbia bera bortitzagoa zelako. Behin jokatzen hasten zarela, ahaztu egiten da beldurra. Gaur egun, niretzat, lehiatzeko aukera izatea alde batetik pena bat da, horrek esan nahi duelako atzetik ez dela nahikoa jende etorri, baina, bestalde, aukera aprobetxatzen dut taldean bat gehiago naizelako.

41 urterekin jokatzen jarraitzea ez da gutxi.

Ligan maila gero eta altuagoa dela ikusita ez da gutxi. Errugbiaren maila asko igo da, eta jokalariak askoz ere gehiago prestatzen dira. Prestakuntza fisikorako dauden baliabideak asko dira eta, gaur egun, jendeak asko lantzen du prestakuntza fisikoa.

Maila hura eskertzen dute ikusleek ere.

Zalantzarik gabe. Lehia oso politak egiten dihardugu Arrasaten. Baita etxetik kanpo ere, baina egia esan, etxean asko gogortzen gara. Zaleek eskertzen dute lana eta hori argi ikusten dugu, izan ere, gero eta jende gehiago gerturatzen da Mojategira gure partiduak ikustera.

Gaur gaurkoz, nola ikusten duzu taldea?

Kirola asko aldatu da. Lehen, adibidez, askoz ere motelagoa zen jokoa. Gaur egun beste exijentzia fisiko bat dute jokalariek, eta ia aspektu guztiak gehiago lantzen dira. Taldeari dagokionez, sartu nintzen lehen urteetan herriko jendeak bakarrik bultzatzen zuen kirol bat zen; ez zegoen profesionaltasunik. Lagun talde bat ginen maite genuen kirol batean, eta, ez zehazki errugbia, baizik eta kirola egitea: lagunarte batean jokatzea eta bizitzea. Azkenean, bi hiru entrenamendu dira astean zehar, eta partidu bat astebururo. Bizitzeko modu bat bilakatu da niretzat. Baina, esan dezaket jokatzen hasi nintzen lehen eguneko ilusio berdinarekin zelairatzen naizela oraindik.

Zer da ilusioz mantentzen zaituena?

Pena handia ematen dit taldea uztea, eta, horren barruan, zalantza bat daukat ea errugbia uztean bizitzan sortuko den hutsune hau bete ahal izango dudan; betetzeko erabiliko dudan alternatiba horrek guztiz beteko nauen, ala ez. Gero, noski, dagoen taldeagatik. Taldean oso giro ona dago, eta hutsune handi bat izango litzakeela badakidanez, pena eta beldurra ematen dit agurraz pentsatzen hastea. Asko gustatzen zait, eta, ligak irauten duen bitarteko lehiakortasun hura ere niretzat beharrezkoa da burua husteko.

"Errugbiak gauza asko eman dizkit. Bizitzan aplikatu daitezkeenak gehienak"

Zer irakaskuntza eman dizu errugbiak?

Gauza asko eman dizkit. Bizitzan aplikatu daitezkeenak gehienak. Lehenik eta behin, aipatuko nuke argi eta garbi galtzen irakatsi didala. Gogoan dut errugbian hasi baino lehen galtzeko beldurra neukala, ikaragarri haserretzen nintzen. Amak xakean jokatzen erakutsi zidan, eta ezin nuen partida bat galdu; erabat amorratzen nintzen. Realak galtzen zuenean ere amorratu egiten nintzen, eta partidu asko galtzearen bidez errugbiak erakutsi zidan jokoaren parte dela, beti galtzen duela talderen batek. Horrez gain, familia bat eman dit errugbiak. Nire une txarretan eta onetan bertan izango diren lagun talde bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak