Azaroan Euskal Herria zure begietatik lehiaketan aukeratuak izan ziren 30 argazki egongo dira ikusgai eta salgai. Askotarikoak dira, izenak ondo adierazten duen moduan: bakoitzak Euskal Herria ikusteko duen begirada azaleratu nahi izan du.
Irabaziak, Mara San Joserentzat
Azaroaren amaieran argazki lehiaketa horretako sariak banatu zituzten, baina, ekimen beretik tiraka, orain salgai jarriko dituzte erakusketako pieza guztiak, helburu solidarioarekin. Pieza bakoitzak 35 euroko prezioa izango du eta salmentaren bidez jasoko den diru guztia MARA CLN1 egitasmoari emango diote, Batten CLN1 gaixotasun arraroari aurre egiteko. Mara San Jose Arrasateko 4 urteko haurrari laguntzeko hautua egin dute, joan den urtean moduan.
Urteroko proiektua
Hamaikagarren edizioa da, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, joan den urteetan egin diren erakusketen dinamika bera jarraituko da. Epaimahaiak aukeratutako argazkiak jarriko dira ikusgai Kulturateko klaustroan. Artgazkiko kideek dei egin diete herritarrei erakusketara joan, argazkiak ikusi eta erosi ditzaten, guztiaren oinarrian helburu solidarioa dagoela kontuan hartuta.