Luis Sagasta: "Lagun-talde bat gara, musika-talde bilakatuta: oroimenetik sortutakoa"

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko urtarrilaren 9a

Tabernako piano-jole moduan aurkezten du Luis Sagastak (Arrasate, 1950) bere burua; haurtzaroan tabernan ikasi zuen pianoa jotzen, eta ordutik bere bizitza musikari lotuta egon da. Arrasate Musikaleko lehendakari izan zen urte luzez, eta orain, Buscanini Band taldeko partaideetako bat da. Luis Usatorre biolin jotzailearen heriotzaren ostean sortu zen, haren oroimena eta musikarekiko pasioa bizirik mantentzeko asmoarekin

Zein harreman daukazu musikarekin? Musikaz inguratuta egon naiz bizitza osoan. Nire gurasoek taberna bat zeukaten, Bar El Caserio, eta bertan zegoen pianoa jotzen murgildu nintzen musikan, eta are gehiago giroan. Talde bat ere izan nuen 1967tik 1979ra; Lola Floresi, Antonio Machini eta halako pertsonalitateei akonpainamendua egin nien.

Arrasate Musikaleko lehendakaria izan zara urteetan. Bai; bazkide nintzen, eta Juan Pedro Aranbururen lekua hartu nuen. Gorabehera asko konpondu behar izan genituen, baina oroitzapen onak ditut; hamabi urte inguru aritu nintzen bertan. Lagun asko egin nituen herrian bertan, baita kanpoan ere. Gure garaian izugarrizko orkestrak egon ziren Arrasaten: Errusiako nazionala, Letoniakoa, Bulgariakoa… Beste garai batzuk ziren haiek.

Nola aldatu da Arrasate Musikal eta inguru musikala ordutik? Eraldaketa izan dela esango nuke; ez dakit kalitatean edo konpromisoan dagoen gakoa. Lehen, profesionalizatuagoa zegoen jarduna, eta musikan hasten ziren haur askok kontserbatorioan amaitzen zuten. Orain, ordea, geroz eta gutxiago gertatzen da hori. Parte-hartzea handitu egin da, haur asko dabiltza, baina kalitatea jaitsi egin dela iruditzen zait. Musika aisialdi gisa hartzen da sarri, futbolarekin edo margotzearekin batera, jarduera askoren artean. Bestalde, geroz eta kontzertu gutxiago ematen dira; egun seinalatuetan bakarrik.

Egoerari buelta emateko zer egingo zenuke? Gaztetxoek ikasten dutena erakusteko aukerak sortu. Gabonetan eta sanjuanetan egiten da, baina urteko beste une askotan ere kalera atera beharko lukete. Musikak partekatzeko beharra du. Nik, esaterako, etxeko blokeko haur batzuk etxera igotzen ditut, tarteka; pianoarekin lagunduta, elkarrekin jotzen dugu. Taldean, ikasitakoa praktikan jartzeko modua da.

"Gaztetxoek ikasten dutena erakusteko aukerak sortu behar dira. Musikak partekatzeko beharra du"

Azken urtean sortutako proiektua da Buscanini Band; nola jaio da? Luis Usatorreren heriotzaren harira sortu genuen, modu oso organikoan. Mikel Olazabal izan zen proiektuaren bultzatzailea: inguruko jendeari deika hasi zen talde bat osatzeko asmoz, eta denok baiezkoa eman genion; horrela jaio zen.

Kontzertu bakarrerako sortutako taldea zen hasieran? Ez bereziki. Luis Usatorreren omenaldirako jo behar genuen, baina plana bere horretan ez zen kontzertuaren ostean taldea desegitea. Oraindik hor jarraitzen dugu; urtarrilean ekingo diegu berriro ere entseguei. Lagun-talde bat gara, musika-talde bilakatua: elkarrekin denbora pasatzea eta jotzea gustuko dugu.

Nortzuek osatzen duzue taldea? Buscanini-ren bidelagun izan garen lagun batzuek osatzen dugu taldea –hala deitzen genion Luis Usatorreri, Paganini biolin-jolearekin hitz-jokoa eginez–: bi biolin, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, fagota, klarinetea, oboea, pianoa eta perkusioak.

Nor zen Buscanini?  Pertsona eta musikari bikaina zen. Arrasate Musikaleko lehendakari, biolin-jole, mediku, danborradako eskoziarren zuzendari, kintadako antolatzaile eta beste zenbait jardueratan aritu zen Luis. Ez nion inoiz aurpegi txar bat ikusi; guztioi laguntzeko prest zegoen, beti.

Zein da zure eginkizuna taldean? Nik taldearen manager figura daukat, edo saltsa guztietako perrexila, nahi duzun moduan deitu. Kontzertuak lotu, garraioa, afariak egitea… Dirua lortzea ere nire kontua da, talde bat izateak beti gastuak dakartzalako. Edozertan laguntzea.

Zeintzuk dira Buscanini Banden hurrengo urratsak? Asmoa noizean behin kanpora jotzera irtetea da. Martxo edo apiril aldera Errioxara joango gara, eta inguruko jaietarako gonbidapenak ere jaso ditugu. Datak gerturatu ahala erabakiko dugu, baina taldea prest dago kontzertuak emateko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak