Hilaren 14ra arte aurkeztu daitezke Aratusteetako kartel lehiaketarako lanak

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 5a

Paella herrikoia, iazko Aratusteetan.

Arrasateko Udalak dagoeneko publikatu ditu Aratusteetako kartel lehiaketarako oinarriak. Horiei jarraikiz, lehiaketa irekia izango da Debagoieneko edozein udalerritan erroldatuta dauden biztanleentzat eta urtarrilaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak, 15:00ak baino lehen.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, lanak originala izan beharko du, teknika librea erabilita. "Parte-hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela", nabarmendu dute. Badira, ostera, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esaterako, kartelak nahitaez bertikala izan behar du eta Aratusteen ezaugarri edo adierazle bat jasotzeaz gain, honako testu hau ere jaso beharko du: 2026 Inauteriak Arrasate.

Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriek 50 x 70 zentimetrokoak izan behar dute, eta euskarri informatikoan aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartelak guztiak. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.

Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko dute eta 400 euroko saria jasoko du kartel irabazlearen egileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak