Venezuelaren aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte

Xabier Urtzelai 2026ko urtarrilaren 3a

AEBek Venezuelari egindako erasoaren aurrean elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bergaran eta Arrasaten. Eraso inperialistarik ez! Herrien burujabetza eta bakea lelopean hainbat lagun batu dira bailarako bi herri horietan.

AEBek Venezuelari eraso egin diote gaur, eta preso hartu dute Nicolas Maduro presidentea eta haren emazte Cilia Flores. Horren aurrean, Venezuelako Gobernuak salbuespen egoera ezarri du. Hala, AEBren erasoa salatzeko gaur elkarretaratzeak egin dituzte Bergaran eta Arrasaten.

Bergarakoa San Martin plazan izan da, eta Arrasatekoa Herriko plazan. Honako prentsa ohar hau zabaldu dute Arrasateko elkarretaratzea deitu dutenek. "Irmoki salatzen dugu azken orduetan Estatu Batuakek Venezuelaren aurka egindako eraso militarra eta Venezuelako presidente hautatuaren bahiketa ilegala. Oso gertakari larriak eman dira azken orduetan Venezuelan. Lehen aldiz Estatu Batuetako armadak lurralde venezuelarra erasotu du jendarte zibilaren artean biktimak eraginez. Hori gutxi ez eta Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu eta herrialdetik atera du bere emaztearekin batera. Gertakari hauek guztiz neurrigabeak dira eta ez dituzte inondik inora nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen Karta errespetatzen. Guk Euskal Herritik munduko herri eta pertsona guztien burujabetza aldarrikatuko dugu ezinbesteko printzipio gisa. Inork ezin du venezuelar herriaren gaineko erabakirik hartu, hori
venezuelar herriari soilik dagokio eta ez beste inori".

Donald Trumpen estrategia neokoloniala salatu dute

Horrekin batera, Donald Trumpek 2025eko urtarrilaren 20an kargua hartu zuenetik izan duen jarrera salatu dute.  "Munduko herrien aurkako estrategia neokolonial baten ezarpena bizitzen ari gara; estrategia hori esku-hartzeetan, mehatxuetan, xantaian eta eraso militarretan oinarritzen da, bereziki Palestinan, Latinoamerikan eta Karibean eragin handia izanik. Jarrera hori AEBetako administrazioa osatzen duten multinazionalen interesei lotuta dago zeinak menpekotasun ekonomikorako estrategia oldarkor batekin, presio politikoekin eta indar militarraren erabileraren mehatxuarekin konprometituta daude. Monroe Doktrinaren eguneratzeak, diskurtso
belizista kezkagarri batez lagunduta, erasoa eta xantaia normalizatu nahi ditu Washingtonen eta kontinentearen arteko harremanean".

Eta, arreta berezia jarri nahi izan dute Nicolas Maduro presidentearen eta bere emaztearen "bahiketan". "Guztiz onartezina da eta ez du inondik inora laguntzen egoera konpontzen. Maduro Venezuelara itzuli eta aske uztea behar beharrezkoa da egoera bideratu ahal izateko.
Era berean, Venezuelako herriarekin elkartasuna adierazi nahi dugu, eta haien autodeterminazioa, instituzioak, subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatzeko eskatzen dugu. Herrialdearen aurkako eraso militarrek mehatxu larria dakarte latinoamerikako eta mundu mailako bakearen eta egonkortasunaren eraikuntzan; horregatik, nazioarteko komunitateari exijitzen diogu eraso hauek salatu eta neurri zorrotzak har ditzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak