Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeko Ane Sanchezen arabera, modu ezin hobea izan da 40 minutuko dokumentala urteurren berezia (Txikitxuk 35 urte eta Arrostaitzek 55) borobiltzeko: "Urte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditugu baina dokumentalak aukera eman digu urte hauetako guztietako lana ikus-entzunezko baten biltzeko. Gainera, sekulako harrera izan du; jendea espero genuen dantza taldeak hainbat herritar pasatu direlako baina Amaia birritan betetzea... Pozgarria da. Emaitza asko gustatu zaigu; eta oraindik ikusi ezin izan dutenei begira nahiko genuke beste zabalkunde bat ematea. Ez dakigu non eta nola, baina gustatuko litzaiguke".
Dokumentaleko zuzendarietako bat izan den Oihan Loiti ere harrituta zegoen ikus-entzunezkoak piztu duen ikusminarekin: "Dokumentala sortzeko ideia Irati, Ane eta hirurok Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko graduko amaiera lana egiteko beharretik sortu zen eta bagenekienez Txikitxu-Arrostaitz urteurrenean murgilduta zegoela aukera ederra iruditu zitzaigun gaia hori izateko. Horrekin batera herriko halako eragile bati modu batera edo bestera laguntzerik badugu, ondo baino hobeto".