Giro aparta izan da Iturripen partidaren hasieratik, herritar ugari gerturatu dira harmailak betez. Mondragon Unibertsitateak Euskal Kopako irabazleen titulua bereganatu du Amurrioren aurka 82-63 irabazita, partida osoan erritmoa kontrolpean izan ondoren. Arri entrenatzaileak azaldu du partida ondo joan den arren, ez dela horren erreza izan irabaztea: "markagailuak ez du guztiz islatzen partida izan dena".
Amurrioko taldeak defentsa gogorra planteatu du hasieratik, bigarren eta hirugarren lerroan presioa eginez, eta horrek ez dio utzi talde arrasatearrari ohiko saskibaloia erraz garatzen. Halako neurketetan defentsak duen garrantzia azpimarratu du entrenatzaileak, Mondragon Unibertsitatea fin aritu da horretan eta horrek erritmoa bere alde jokatzea ekarri du. Dena den, defentsa horrek "jokaldi politak" egitea zaildu du, ondorioz partida ez da horren ikusgarria izan.
Talde osoaren ekarpenak
Entrenatzaileen esanetan "merezitako garaipena" izan da, talde osoaren ekarpen eta lanaren ondorioa. Taldearen baitan aurten egondako aldaketak tarteko, gazteek ere beraien lekua hartu dute gaurkoan kantxan, beteranoekin batera. Gazteenak pixkanaka aurrerapausoak ematen ari direla azpimarratu du Arrik eta hori formakuntza eta aldaketaren prozesuaren parte dela. Aldi berean, beteranoek "entrenatzaile" lana egiten dutela nabarmendu du, kantxaren barruan gidari izanik.
Denboraldia ez zuten oso ondo hasi, baina ligako lehen postuetan dago kokatuta orain. Taldekideen arteko ezagutza handitzen ari da, gaztetasunaren eta esperientziaren arteko nahasketa pixkanaka egokitzen eta ulertzen doan seinale. Taldeak hazteko potentzial eta margen handia duela ere azpimarratu du entrenatzaileak.
Mailaz igotzea helburu "polita" izan daitekeen arren,taldean argi daukate garrantzitsuena gazteen garapena dela, taldearen nukleo berria sendotzea.
Argazki galeria, Angel Ayastuy argazkilariak ateratakoak argazkiz osatuta dago.