Ibai-arte Merkatarien elkartearen eskutik, bi kontzertu "gozagarri" gaur eta bihar

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko abenduaren 19a

Donostiako Blue Cats Band taldeak kontzertua egingo du bihar, zapatua, Arrasateko Herriko Plazan. Argazkia: Nerea Gorostidi.

The Half Nelsons taldea izango da gaur, egubakoitza, 19:00etan Seber Altube plazako karpan Blue Cats Band bihar, 13:00etan, Herriko Plazan.

Arrasate Blues musika zikloaren baitan, zuzeneko musikarekin gozatzeko bi aukera izango dira asteburuan. "Ibilbide nabarmena duten musikariek osatzen duten The Half Nelsons taldea gonbidatu dugu gaur 19:00etan Seber Altube plazako karpan izango den emanaldirako –Dan Cabanela (Still River), Aitor eta Eneko Cañibano (Travellin' Brothers) eta Unai Olabarri (Xahu, Gozategi)–. Amerikar musikazaleen gozagarri izango den kontzertu intimoa eta dotorea egingo dute; bluegrass, country eta old folk amerikar tradizioak inspiratuta, ñabardurez eta sotiltasunez betetako zuzeneko akustikoa", diote antolatzaileek.

Donostiako Blue Cats Band laukoteak hartuko du lekukoa Herriko Plazako agertokian bihar, zapatua, 13:00etan. "Bereziki hunkigarria izango da guretzako bigarren emanaldi hori, talde horretako abeslaria Nerea Gorostidi arrasatearra delako; hortaz, etxean izango du bere proiektu berria aurkezteko aukera".

Bossa nova, popa eta jazza

"Eskertuta eta gogotsu" dago Arrasateko abeslaria Herriko Plazako agertokira igotzeko. "Aurretik izan diren beste talde batzuen nahasketatik sortutako taldea da Blue Cats Band. Jorge Kaibide baxu-jotzailearekin hainbat talde partekatu ditut. Bitxia da nola ezagutu genuen elkar; Empuria Bravan izan zen, parakaidismo ikastaroa egin berri, 4.000 metroko altueran geundela, jakin nuen Donostiakoa eta musikaria zela... Handik gutxira gure lehen musika proiektua abiatu genuen", azaldu du Nerea Gorostidik, eta zera gaineratu: "Bihar Arrasaten erakutsiko dugun musika proiektua berria da; ekainean proposatu zidan Jorgek, eta, egun batzuetara, Javier Lera perkusio-jolea, Vicky Keys piano-jolea eta laurok elkartu ginen eta Blue Cats Band taldea abiatu genuen".

Nerea Gorostidi: "Kontzertu lasaia izango da, bossa nova estiloko abestiak pop eta jazz ukituekin"

Kontzertu pribatu batzuk egin dituzte udan, eta biharkoa izango da euren lehen emanaldi irekia. "Kontzertu lasaia izango da, bossa nova estiloko abestiak pop eta jazz ukituekin, hiru hizkuntzatan abestuta, baina gehienak ingelesez. Abesti ezagunak joko ditugu; adibidez, errepertorioan ditugu jasota Roxanne, Smooth Operator, Lau teilatu, Algo contigo... baina, betiere, gure puntu pertsonala emanda. Eskerrik asko antolatzaileei!".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak