Arrasateko Portaloi Kultur Elkarteak kantu-jirekin kaleak kantuz janzten ditu urtean zehar; oraingoan, berritasun batekin etorri dira, azaldu dutenaren arabera, "guztiok batera abestea" erraztuko duena. Portaloiko kantu-jirako kantu-liburua dagoeneko eskuragarri dago Kantari telefonorako aplikazioan; hala, paperezko orrialdeak pasatzetik, mugikorrean atzamarra irristatzera pasatuko dira kantari eta ikusleak. Euskal kanta herrikoien hitzak biltzen dituen plataforma digital horrek gero eta erabiltzaile gehiago ditu, eta Portaloi elkarteak kantuak partekatzeko eta zabaltzeko beste pauso bat eman du aplikaziora gehituta. Guztira, 190 kanta inguru biltzen ditu gaur egun, eta bilduma bizia da, aurrera begira kantu gehiago gehitzen joango dira. Orain arte, aldaketa bakoitzak orri berriak inprimatzea eskatzen zuen; aplikazioari esker, ordea, eguneraketak automatikoki iristen dira erabiltzaile guztiengana, behin aplikazioa instalatuta.
Abantaila ugari
Iraunkortasunari eta erosotasunari ere erantzuten dio aldaketa horrek: kantu-liburu fisikoak alde batera utzita, pisu gutxiago eraman behar da, eta, gainera, aplikazioak hizkien tamaina handitzeko aukera ematen du; funtzio hori "irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat bereziki erabilgarria" dela azaldu dute. "Beraz, hemendik aurrera, abesten ikusten gaituztenak Kantari instalatu eta gurekin kantatzera animatzen ditugu", adierazi dute Portaloi Kultur Elkarteko kideek.