PTG Garaia, Ikerlanek, Mondragon Ventures-ek, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak, Mondragon Enpresagintzak, Gaztenpresak eta Galbaianek lankidetzan garatu dute Garaia Investors jardunaldia. Bigarren edizio honetara, hamar proiektu aurkeztu dira, arlo estrategikoak ordezkatuz; esaterako, adimen artifiziala, osasuna eta ongizatea, mugikortasun jasangarria, robotika, segurtasun pertsonala, PropTech-a, deep-tech-a eta energia komunitateak.
Topaketan 40 ordezkari elkartu dira –enpresetakoak, erakunde publikoetakoak, unibertsitatekoak, startup-ak eta ikasleak–. Sariak banatu aurretik, aurreko edizioko parte hartzaileekin gogoeta gune bat antolatu dute Kepa Sebal Lazpiurrekin, New Stage Solutions (NSS) enpresako CEOa eta Garaia Investors sariaren irabazleetako bat hain zuzen –Bera izan da aurtengo saria emateko arduraduna–. Kepa Sabalek, Anne Pascual eta Aritz Iriarterekin batera –Berbizi proiektuko kideak biak–, ekintzailetzako esperientziak eta ikaskuntzak partekatu dituzte. Garaia Investors bezalako espazioek "ikasteko eta baliozkotzeko duten balioa eta beharra" nabarmendu dute.
Trantsizio energetikoan, "eragin ahalmena" duen proiektua irabazle
Epaimahaiak hala aukeratuta, Zenit startup-a izan da Garaia Investors sariaren irabazlea pitch onenaren kategorian. SaaS teknologian oinarritutako marketplace bat garatzen du Zenitek, energia komunitatearen eta autokontsumo kolektiboko proiektuen sorrera eta kudeaketa errazteko. Sari honekin "aurkezpenaren argitasuna, negozio ereduaren sendotasuna eta trantsizio energetikoaren testuinguruan duen eragin ahalmena" aitortu zaio proiektuari.
Aitortzarekin batera honakoak ere barne hartzen ditu Zenitek jasotako sariak: A+G Consultores-ek eskainitako 1.500 eurotan baloratutako mentoretza plana eta tailer ekonomiko finantzario batean parte hartu ahal izatea; Galbaianean Sokalagun zerbitzua –2.600 eurotan baloratutakoa–, PTGaraia coworking lan espazioa urtebetez, eta PTGaraiaren webgunean, sare sozialetan eta newsletter-ean zabalkunde ekintzak.
