Hirugarren urtez, Arrasateko Udalak 6.000 egutegi banatuko ditu herritarren artean

Ibai Irasuegi Garai 2025eko abenduaren 18a

2026ko egutegiko martxoko argazkia. Irudia: Aitor Arruti

Herritarrek Arrasateko 137 komertziotan jaso ahalko dituzte egutegiak, herritarrek gertuko dendek ematen duten "erraztasunez eta konfiantzazko zerbitzuez" jabetzeko.

Hirugarren urtea da Arrasateko Udalak herritarren artean egutegiak banatzen dituela. Arrasatetik Arrasaterendako egindako egutegia da, Udalak Artgazki elkartearekin elkarlanean egindako argazki lehiaketako irudi sarituek osatzen baitute. Egutegia doakoa izango da, eta herriko 137 komertziotan eta Arrasateko Udal Bibliotekan banatuko dituzte. Iaz baino 44 komertzio gehiagotan. Denden kasuan, egutegiak banatzeko kartelak jarriko dituzte, hain zuzen ere, egutegiak daudela jakinarazteko.

Udalak egutegien banaketa herriko komertzioetara eraman du, herritarrek gertuko dendek ematen duten "erraztasunez eta konfiantzazko zerbitzuez" jabetzeko. "Komertzio txikiaren artean harremana estutzeko, auzoan edo inguruan ditugun komertzio txikiak herritarrarengana gerturatzeko, eta horiek dituzten eskaintzak jakiteko eta ezagutzera emateko", adierazi du Arrasateko Udalak.

Bertan herriko jaiegunak, kultur ekitaldiak, festak eta ospakizunak jasotzen direla azaldu du Arrasateko Udalak: "Kirol ekitaldien artean, Arrasate-Udalatx mendi lasterketa, errugbi taldearen garagardo festa, Mondranbike, santamas krosa eta San Silvestre krosa jasotzen ditu egutegiak, eta, amaitzeko, kultura ekimenek ere hartu dute lekua". Kultur ekimenei dagokienez, Santa Ageda eguna, Gaba Baltza, Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, San Nikolas eguna, Olentzeroren irteera, Euskararen Eguna, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Sexu Askapenaren eta LGTBIQ+ Harrotasun Eguna, Aberri Eguna eta erreka garbiketa egunak batzen ditu egutegiak.

Lehiaketako irabazleak

Arrasateko Udalak eta Artgazki elkarteak egindako argazki lehiaketako irabazleen argazkiak jasotzen ditu egutegiak. Honako egile hauen argazkiek osatzen dute: Iñaki Rubio (azala), Fernando Izquierdo (urtarrila), Aitor Arruti (otsaila eta martxoa), Aritz Gordo (apirila), Maitane Rodriguez (maiatza), Miguel Angel Puente (ekaina eta iraila), Pedro San Roman (uztaila), Anibal Carmona (abuztua), Unax Otegi (urria), Iñigo San Vicente (azaroa), Jon Alza (abendua).

Gainera, Arrasateko egutegiko argazkiak haienak izateaz gain, Arrasateko dendetan gastatu ahalko den 150 euroko bonua jasoko du bakoitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak