Arizmendi Ikastolako Lagunen Taldea osatu dute

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2025eko abenduaren 15a

Taldearen aurkezpeneko argazkia Gaztelupen.

Arizmendi Ikastolako Lagunen taldea eratu dute, gaur egungo ikastolak posible izan daitezen lanean aritu diren pertsona eta kolektiboen ekarpena balioan jarri eta ikastolen eredua gizarteari hobeto ezagutarazteko. 

Azaroaren amaieran aurkeztu zuten Arizmendi Ikastolako Lagunen Taldea eta argi utzi zuten ekimenaren helburua, gaur egungo Ikastolak posible izateko ahaleginak egin dituztenen lana balorean jarri eta ezagutzera ematea dela. 

Hasiera batean,30 lagun inguruk osatutako taldea da, eta hiru azpitaldetan antolatuko da, Arizmendi Ikastolak presentzia duen herri bakoitzean talde bana osatuz. Antolatzaileen arabera, Ikastola Lagunen Taldeak ikastolen izaera, balioak eta funtzionamendua herritarren artean zabaltzea du xede, betiere konfrontaziorik gabe eta ikuspegi eraikitzaile batetik.

Aurkezpenean, taldearen sorrera arrazoien eta helburuen berri eman zuten, baita epe laburrean izango duten funtzionamenduaren inguruko azalpenak ere. Arrazoien artean: sozialak, identitarioak eta emozionalak azpimarratu zituzten. Horrez gain, Illart Azkarate, Arizmendi Ikastolako zuzendariak, ikastolak herri bakoitzean duen egoeraren inguruko azalpena eskaini zuen, eta saioa galdera-erantzunekin amaitu zen.

Ikastola Lagunen Taldeak, besteak beste, ikastolen izaera komunitarioa, irabazi asmorik gabeko eredua, kooperazioan eta autoeraketan oinarritutako funtzionamendua eta euskararen transmisioan duten zeregina azpimarratu nahi ditu. Era berean, aurreko belaunaldiek egindako lanari jarraipena ematea eta ikastolen etorkizuneko erronketan bidelagun izatea dute helburu. Bide luzea eta hobetzeko asko duten arren, sortu duten ereduaz "harro" daudela argi utzi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak