Goranzko bideari eusteko urrats bat gehiago egin du Ointxek

Julen Murua Mesonero 2025eko abenduaren 13a

Naia Badiola Barakaldoren aurkako partiduan.

Denboraldiko seigarren garaipena lortu du Smartlog Ointxek, Barakaldori 80 eta 71 irabazita. Sailkapeneko seigarren postuan daude arrasatearrak, baina gertu dituzte goiko postuetan egonkortuta dauden aurkariak.

Gogor borrokatu behar izan du Smartlog Ointxek Barakaldoren aurkako partidua. Arrasatearren aurkari zuzena da Bizkaiko taldea eta hori bera erakutsi du markagailuak ia partidu osoan zehar. Hogeina bukatu da lehenengo laurdena eta, puntu bakarreko aldearekin bada ere, atsedenaldira aurretik joatea lortu dute David Peñaren jokalariek (42-41). Hirugarren laurdenaren bukaerara arte indarrak parean izan dituzte bi taldeek, baina hirugarrenaren azkenengo minutuetan eta laugarrenaren hasieran hautsi du partidua Ointxek. Defentsan gogor egotea eta erasoan eraginkorrak izatea izan dira markagailuko tartea handitzeko gakoak Ointxeko jokalari Naroa Garaik adierazi duenez: "Hirugarren laurdenean hobeto egon gara defentsan eta errebote gehiago hartzea lortu dugu. Uste dut horrekin lortu dugula irabaztea". Bizkaitarrak saiatu dira markagailuan gerturatzen, baina etxekoek ondo kudeatu dituzte partiduko azkenengo minutuak, eta, Barakaldokoen eraso bakoitza erantzunda, 80 eta 71 irabaztea lortu dute.

Aurreikusitako partidua

Bosna garaipenekin iritsi dira partidura arrasatearrak zein barakaldoarrak, eta, zentzu horretan, Ointxekoek aurreikusten zuten partidu gogorra izango zela. "Euskal taldeen arteko derbia izanik, bagenekien gogor etorriko zirela eta partidu zaila izango zela. Baina, tira, irabaztea lortu dugu eta oso pozik gaude" adierazi du Garaik.

Iturripen indartsuak izatearen garrantzia

Etxean jokatutako azkenengo bi partiduak irabazi ditu Ointxek, eta denboraldiko helburuak lortzeko Iturripeko partiduak irabaztearen garrantzia azpimarratu du Garaik: "Etxean irabazteak beste zapore bat uzten du. Intentsitate handiagoarekin kantxaratzen garela esango nuke, zaleek ere asko laguntzen gaituztelako".

Urtea bukatzeko Coruñan jokatuko dute arrasatearrek sailkapeneko bigarren postuan dagoen Maristas Coruña taldearen aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak