Maiatzean eta Gabonetan egiten dute jostailu truke merkatua Txatxilipurdikoek, baina azken honek izaten du "arrakasta handiena" elkarteko kide Arantxa Osorok dioenez. Ateak ireki baino ordu erdi lehenago hasi dira haurrak euren jostailu gustukoena aukeratzeko ilara egiten, eta hala, goizeko lehenengo ordurako haur gehienak merkatutik igarota zeuden dagoeneko. "Goiza oso ondo joan da. Lehenengo orduan egoten da jende gehiena, eta tarte horretan guztia garbitu dute" adierazi du Osorok.
Helburu berberarekin
Urte dezentez antolatu duten merkatua izanik, herrian "arrakasta" duen ekimena da. Txatxilipurdikoentzat helburuak bere horretan jarraitu du hasieratik gaur egunera arte: "Jostailuak berrerabiltzea da asmo nagusietako bat. Etxean pilatzen dira jostailu asko eta ez dugu jakiten horiekin zer egin. Etxetik atera, trukean beste bat eraman eta haurrei trukearen balioa erakustea da helburua".
