‘R&J’ antzerkia taularatuko du domekan La Dramatica Errante antzerki konpainiak

Ibai Irasuegi Garai 2025eko abenduaren 12a

La Dramatica Errante antzerki konpainiaren R&J antzerkia. Irudia: Aitor Borobia.

Shakespearek landutako maitasun tragikoa gaur egungo ikuspegi modernotik lantzen du La Dramatica Errante antzerki konpainiaren R&J antzezlanak. Irailaren 26an Bilboko BBK aretoan estreinatu zuten lana, eta, geroztik, hainbat ikuskizun egin dituzte Euskal Herrian zehar, euskaraz eta gaztelaniaz.

Domeka honetan, hilak 14, Arrasateko Amaia antzokian taularatuko dute antzerkia. Debagoienean egingo duen lehen antzerkia izanda, "emanaldi berezia" izango dela adierazi du Aitor Borobia antzezle bergararrak: "Etxetik gertu antzeztea beti da berezia niretzako. Normalean, lagunak eta familia gerturatzen dira, eta etxetik gertu nagoenean gogo handiekin igotzen naiz oholtzara".

Domekako antzerkia ikusteko sarrerak salgai daude, 10 eurotan, Internet bidez

Antzezlanari dagokionez, "maitasunaren, harreman sozialen eta arau hegemonikoaren aldaketaren inguruko testuingurura egokitzen da", eta horretarako Shakespeareren Romeo eta Julieta obra orainaldira ekartzen dutela dio Borobiak: "Jatorrizko obraren elementu nagusiak mantentzen diren trama bat irudikatzen dugu, baina gaur egunera eta testuinguru garaikide batera egokituta". 90 minutu irauten du antzerkiak, eta sarrerak salgai daude, Internet bidez, 10 eurotan.

Hogei pertsona inguruko lantaldeak osatzen du antzerkia, eta atzetik lan handia dakarren ikuskizuna dela nabarmendu du antzezle bergararrak: "Denbora askoan antzeztu gabe gabiltzanean entsegu bat egiten da. Normalean, bakoitzak bere etxean pasatzen du testua, eta saioaren egun berean pase tekniko bat egiten dugu, ikuskizuna hasi aurretik".

Batetik bestera

Gaur, egubakoitza, Algortako Muxkebarri kultura aretoan egongo dira, eta, asteburu honetan Arrasateko Amaia antzokian egingo duten antzezlanaz gain, saio ugari egingo dituzte ondorengo egunetan zehar. "Irun, Amurrio, Leioa, Errenteria, Santurtzi, Sopela, Gasteiz eta Donostia izango dira gure ondorengo geldialdiak. Euskal Herritik kanpo ere, hainbat antzezlan egingo ditugu", azaldu du Borobiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak