"Duela bi aste tolosarren kantxan irabazi genuen (1-5), eta oso garaipen garrantzitsua izan zen. Izan ere, Tolosalak ordurako bost puntuko aldea zeukan, eta handik esku hutsik bueltatu izan bagina aldea asko handiko zen. Hori gutxi ez, eta asteburuan berdindu egin dute [1-1, Otxartaberen kontra], eta horri esker sailkapenean harrapatu egin ditugu", dio taldeko ordezkari Iker Uribesalgok.
Bihar, Oxartabe Musakolan
Lehenengo itzulia amaitzeko lau jardunaldi horietan zapatuko kontrario Otxartabe (Musakola, 17:15) da errazena, ondoren kontrario gogorrak izango dituzte eta: Afantxo, Gasteizko Aurrera, Donipari... "Liga hasieran aurreikusten genuena betetzen ari da; alegia, aurrealdean indarrak oso parean egongo direla eta mailaz igotzeko borroka estua izango dela. Egutegi aldetik liga amaiera gogorra izango dugu, baina, zorionez, partidu zailak direnak etxean jokatuko ditugu". Ez da Mondrate aurrean dabilen lehenengo aldia; iaz ere arrasatearrak kategoriago oilarretako bat izan ziren. "Baina Antiguokorekin parekatuta egon eta gero, talde horrek abantaila handia hartu zuen, eta beste maila batean zeudela erakutsi. Erraz igo ziren kategoriaz, baina aurten ez da halakorik errepikatuko, lau edo bost talde ibiliko gara lehian. Hala, guk garbi daukagu aurtengo helburua zein den: Bigarren B Mailara igotzeko ametsa dugu taldekideok".
Eskoriatzak, Donipariren bisita
Sailkapenaren erdialdean dagoen Eskoriatzari (16 puntu) erregulartasuna falta zaio, eta, bi astez jarraian galdu eta gero, domekan ez dute kontrario erraza izango, hirugarren dagoen Donipari izango da-eta Manuel Muñoz kiroldegian (18:00). Eskoriatzarrak, baina, etxeko zaleen aurrean irabazteko gogoz daude, azaro hasieran lortu zuten hori azkenekoz, eta haiek ere lehenengo itzulia amaitu aurretik azken asteotako bolada zuzendu nahian dabiltza.