Arrasateko neskek Horbisa Spirit GreenKW Barakaldo hartuko dute zapatuan Iturripen (18:00), eta etxekoak ligako seigarren garaipena eskuratzeko asmoz kantxaratuko dira. Bai Barakaldokoak eta baita Arrasatekoak ere hamabosna punturekin daude, bost partidu irabazi eta beste horrenbeste galduta. MU, lider Euskadikoan EBA kategorian jarraitzeari muzin egin eta gero, Mondragon Unibertsitateko gizonezkoen talde nagusiak Euskadiko Bigarren Mailan ekin dio proiektu berriari, eta arrasatearrak ondo egokitu dira errealitate berrira: bederatzi partidutatik zortzi irabazita, lehenengo postuan daude. Domekan (19:00) etxetik kanpora jokatuko dute, laugarren dagoen Axa Ortiz de Zarate Amurrioren kantxan. Eta kategoria berean jokatzen duen Soraluce KEko mutilek ere kanpoan jokatuko dute domekan (12:15); hain zuzen, sailkapenean indarrak pare parean dituzten Indautxukoen kontra, Bilbon.