Gabonetako Lehiaketa abiatu du Udal Bibliotekak

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko abenduaren 12a

Galderetako bat da Portaloiko gasolindegiko langilearen izena. (Argazkia: Ibai Bolinaga).

Arrasateko Udal Bibliotekak Gabonetako jarduera bereziak martxan jarri ditu. Batetik, urtero antolatzen duten lehiaketa eta, bestetik, Gabonetako zuhaitza. Lehiaketan parte hartzeko azken eguna urtarrilaren 6a da.

Lehiaketan parte hartzeko, formularioko zazpi galdera erantzun beharko dira. Gero, zozketa egingo dute galdera guztiak ondo erantzuten dituztenen artean, eta saria izango da 60 euroko sei bonu Elkar Arrasaten erabiltzeko. "Bonuen erdiak adin txikikoentzat izango dira", zehaztu dute.

Adin guztietako herritarrek dute parte hartzeko aukera. "Kulturateko sarreran daude lehiaketako galderak erantzuteko kontsulta liburuak eta informazio osagarria", adierazi dute Udal Bibliotekako kideek. "Dagoeneko hasi gara web orritik erantzun mordoa jasotzen. Animatu zu ere!", gaineratu dute.

Gabonetako zuhaitz berezia

Bestalde, Udal Bibliotekara doazenek "zuhaitz eder eta berezi bat" ikusiko dute. "Jose Maria Lasagabaster Bentxes-en argazkiak azaltzen dira. 50eko hamarkadan egindakoak dira, herriko jaietako argazkiak, kuadrillen kalejirak, dantzaldiak... Merezi du hurbildu eta ikustea. Baten batek akaso bere burua edo ezagunen bat aurkituko du argazki multzoan", nabarmendu dute Udal Bibliotekako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak