LABek Premiazko Neurrien legea salatzeko pankartak jarri ditu Arrasateko EAJ eta PSEren egoitzetan

Itziar Larrañaga Sarasola 2025eko abenduaren 11

LABek Arrasateko Batzokian jarritako pankarta (Argazkia: LAB)

Gaur onartu dute Eusko Legebiltzarrean Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea. EAJk eta PSE-EEk proposatutako legeak bi alderdien aldeko botoa jaso du, eta oposizioko talde guztiak aurka azaldu dira. LAB sindikatua ere legearen kontra agertu da eta Arrasaten "salaketa ekimen bat" egin dute EAJren eta PSE-EEren egoitzetan. EAJk, "irmoki" gaitzetsi du Batzokiak jasotako "erasoa". 

LABen hitzetan, "Etxebizitzarekin negozioa egiten dutenek etekinak handitzeko neurriak hartuko dituzte", eta EAJ eta PSE seinalatu ditu "patronalarekin lerratzeko erabakia" hartu dutela esanez. Halaber, LABen arabera,"ez dute etxebizitza prezioak jaisteko neurri bakarra onartuko", eta gaineratu dute, lege berriak ez duela neurririk zehazten "hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko presio fiskalaz, negozioa egiteko bahitutako pisu turistikoez eta sasoiko alokairuez". Hori salatzeko, honako mezua dakarren pankarta jarri dute Arrasateko Batzokian eta PSEren egoitzan: Etxebizitza patronalaren lege honi ez! PNV-PSE vuestra ley es un modelo de fracaso.


PSE-EEren egoitzan LABek jarritako pankarta. (Argazkia: LAB)

Batzokian jasotako "erasoa"

Arrasateko EAJ "gaitzespenik irmoena" helarazi du LABen ekintzaren ostean, eta gogorarazi du "ezein desadostasun politikok ez duela justifikatzen jazarpena eta larderia". LABek Batzokian jarritako pankartak "mezu iraingarriak eta seinalatze politikoa" dituela esan dute EAJtik. Halaber, azpimarratu nahi izan dute, "Batzoki bati eraso egitea aniztasunari, askatasunari eta demokraziari erasotzea" dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak