Bi eguneko egitaraua prestatu du Arrasateko, Eskoriatzako, Bergarako, Oñatiko eta Aramaioko sortzaileak batzen dituen taldeak. "Amaia Santamaria eta Garazi Egiguren artistek argiak eta dantza uztartzen dituen Itzalekin jolasten ikuskizuna egingo dute bihar, egubakoitza, 19:30ean eta musikaz girotutako pintxo-potea izango da ondoren".
Bihar, hamahiru sortzaileren eskutik, azoka izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era. "Azokan hamahiru sortzailek hartuko dute parte: Dirdir Bitxiarte; Jarein; Perlata kuirpunk; Birak; Nolabait Ilustrazioak; Helena Azkarragaurizar; Zintzilik; MIAU Estudioa; Maider Alday; Imanol zeramika; Jow; The Badass Project eta Olaia Benito. Denetariko lanak izango dira eskuragarri: bitxiak, arropak, fanzineak, ilustrazioak, zeramika-piezak, laminak, joskintza-piezak eta beste asko. Eskualdeko herri askotako sortzaileak elkartuko gara eta oso pozgarria da hori, eta aurrera begira Debagoieneko sortzaile gehiagorengana iristea du helburu proiektuak. Azokaz gain, zapatuan DJ Grapa taldea arituko da arratsaldea girotzen".
Eskualdeko sortzaileak saretzeko asmoz
Debagoienean industria eta kooperatibak bai, baina egitasmoaren bultzatzaileen esanetan, "sormenak nekez egin du bere bidea eskualdean". eta horri erantzunez izendatu zuten Okil izenarekin ekitaldia: "Okila eskualdeko herriak gurutzatzen dituen Deba ibaian bizi den txoria da, eta, industriak kutsatutako ibaia izanik ere, emankor datorrena. Hala ikusten dugu Debagoieneko sormena ere: emankor, zer eskainiarekin eta zer esanarekin. Asteburuko ekitaldiak gure artean saretzeko, herritarrekin bertatik bertara egoteko eta Debagoieneko sormen-eskaintza zabala plazaratzeko balioko du".
Ekainaren 14an egin zuten lehen aldia, eta oso positiboki baloratu zuten. Jendea gerturatzeaz gain, sortzaileen arteko harreman-sarea sendotu eta aliantza politak eraiki ziren.