Martxan da 2025eko Erakusleiho Lehiaketa, eta dagoeneko eman daiteke botoa. "Herriko erakusleihoak apaindu eta komertzioari bizitasuna eta ikusgarritasuna emateko helburua du lehiaketak", azaldu dute udal ordezkariek.
Sariak aukeratzeko epaimahaia lau eragilez osatua egongo da: Ibai-arteko ordezkari bat, Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko ordezkari bat, diseinuan aditua den pertsona bat eta Arrasateko Udalaren beste ordezkari bat. Lanak baloratzerakoan, irudimena, originaltasuna, lanketa, estilismoa, mezua eta Gabonetan girotuta egotea baloratuko dituztela azaldu dute.
Erakusleihoak jartzen dituzten establezimenduentzat honako sari hauek egongo dira:
- 1. saria: 1.000 euro.
- 2. saria: 700 euro.
- 3. saria: 600 euro.
- 4. saria: 500 euro.
- Aipamen berezia: 200 euroko lau sari.
- Herritarren Saria: 500 euro.
- Haur eta Gazteen Saria: 500 euro.
Herritarren Saria eta Haur eta Gazteen Saria bozkatzeko epea, esan moduan, abenduaren 11tik 17ra izango da eta horretarako hiru aukera egongo dira, udal webgunetik, Ibai-arteren webgunetik eta BAZen.
Botoa ematen duten herritarrek ere saria izango dute. Izan ere, Herritarren Saria bozkatzen dutenen artean 120 euroko hamar bonu banatuko dituzte herriko dendetan gastatzeko eta Haur eta Gazteen Saria bozkatzen dutenen artean, aldiz, 50 euroko bost bonu.