Arrasateko PSE-EEk Zalduspeko autobus geltoki intermodalaren proiektua defendatu du berriro. Aritz Murua bozeramaile sozialistak azaldu duenez, jasangarritasuna sustatu eta udalerri osoaren konektibitatea bultzatu nahi dute. "Ekimen honek mahai gainean jarraitu behar duela uste dugu, besteak beste, udalerriko erdigunetik egunero 500 autobus sartzea saihestuko lukeelako. Hori posible izateko arau subsidiarioak aldatu behar direnez, Zalduspen geltoki intermodala jartzea ahalbidetuko duen konpromiso bat egotea eskatzen dugu. Era berean, alokairu bidez 15 bizikleta elektriko herritarren eskura jartzea eskatzen dugu", gaineratu du.
Udal Talde Sozialistak bideragarritasun-azterlanak egitea ere proposatu du, "San Josepe eta San Andres auzorako konexioari eta sarbide orokorrari buruz, Musakolako institutuaren eta Doneztebe Portuko kalearen artean eta Altamira eta Altamira-Goikoa kaleen artean, igogailuen bidez".
Hirigintza arloan, Agerre kalearen atzealderako proiektu bat eskatu dute, "eremu horrek asfaltatzearen, uren bilketaren, hiri-altzarien eta argien arloan dituen beharrak jasotzen dituena". Bestalde, Erguin kaleko hormaren gaineko diagnostikoa egitea ere eskatu dute, "oso itxura kezkagarria eta arriskutsua duelako", baita Gudarien Plazarako beste proiektu bat ere. Halaber, Zerkaosteta kaleko galtzada-harria konpontzea edo aldatzea eta Kulturola eraikinaren kanpoaldea mantentzea dira sozialisten proposamenak.
Azkenik, Kaonbi kaleko katuak zaintzeko elkartearentzako dirulaguntza 7.000 eurotik 10.000 eurora igotzea proposatu dute.