Nondik datorkizu arkitekturarekiko eta diseinuarekiko grina?
Egia esan, nire familian diseinatzaile bat, arkitekto bat eta topografo bat ditut; hau da, eraikuntzarekin lotura handia duten lanbideetan diharduten familiako kideak. Bizitza osoan etxean ikusi dudan zerbait da eta esango nuke zainetan daramadala.
Erantzukizun handia da pertsona baten etxebizitza diseinatzea?
Baietz esango nuke; izan ere, alde batetik, etxebizitza bat erosteko urte askoan aurreztu behar izaten da, eta, bestetik, zaharberritze bat egiteak ere gastu handia dakar, inbertsio handia delako. Orduan, bezeroari aurkezten zaion proposamenak haren bizimoduari egokitutakoa izan behar du. Eraberritzeak ez dira bi urtean behin egiten, urte askoan irauten duen proiektua izaten da. Hortaz, oso garrantzitsua da erabakitzen diren materialak, diseinua, kolorea eta bestelakoak egokiak izatea.
Nola eraman duzu ikasketak eta lana aldi berean uztartzea?
Ez da erraza zortzi orduz lan egitea eta ostean master bat ikasten egotea, askotan, gaueko hamaikak edo hamabiak arte. Garrantzitsua da ondo antolatzea eta denbora ateratzea kirola egiteko, lagunekin egoteko eta halakoetarako.
Diseinuaren eta arkitekturaren hainbat esparrutan ibili zara; zein duzu gustukoen?
Azpeitiko Udalean ibili nintzen, bederatzi hilabetez, Hirigintzako gunean. Gaur egun, ordea, Ekitermik enpresan dihardut, birgaitzeen departamentuan, eta hori da gehien gustatzen zaidan lana; hain zuzen ere, etxebizitzetako zaharberritze integralak egitea, baserrien zaharberritzeak... Gustatzen zait bezeroarekin kontaktuan egotea, materialak aukeratzea eta ikustea norberak proposatutako diseinua nola garatzen den.
Sare sozialetan ere baduzu proiektu bat.
Instagramera (@etxean___) edukia igotzen dut nire aitonarekin batera. Aitona barne-diseinatzailea izan da bizitza osoan, eta Arrasateko taberna eta denda asko diseinatu zituen bere garaian. Iaz amona hil zen, eta, aitona bakarrik senti ez zedin, erabaki nuen garajean zituen proiektu guztiak erakustea. Pentsatu genuen Instagrameko kontu bat sortzea, jendearentzat interesgarria izan zitekeelako. Hala egin genuen, eta herritarrek jarraitzen dute kontua.
Aitonari eta zuri kosta egin zitzaizuen kamera aurrean agertzea?
Ez da erraza pantailaren aurrean hitz egitea; gu, behintzat, ez gaude ohituta. Poliki-poliki hartu diogu martxa, eta lehen ordu erdian grabatzen genuena orain hamar minutuan egiten dugu. Saiatzen gara naturaltasunez lantzen gaiak.
Nolako harrera du proiektuak?
Harrera oso ona izan du, eta horrek harritu nau. Gainera, herritik kanpoko jarraitzaileak ere baditugu: Valentziakoak, Madrilgoak, Kantabriakoak... Oso pozik gaude.
Bestelako zaletasunik baduzu?
Ez, nahiko bizitza arrunta dut. Ia egun osoa egiten dut lanean, eta irteten naizenean gimnasiora joaten naiz edo Instagramerako edukiak kudeatzen ditut. Gustatzen zait lagunekin, bikotekidearekin eta familiarekin egoteko denbora ateratzea, eta gustatzen zait momentu oro aprobetxatzea.
MOTZEAN
Bidaiatzeko toki bat? Menorca.
Janari gustukoena? Txuleta on bat.
Sare sozial bat? Instagram.
Abesti bat? La reina del pop.
Irakurtzeko zer? Dekorazioko aldizkariak.
Arrasateko toki bat? Monterron.