Euskararen egunaren baitan askotariko ekintzak egin ziren martitzenean Arrasateko Herriko Plazan. Ekimen horiez gain, Arrasateko Udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du, eta, euskararen egoeraren inguruan, hizkuntza babesteko erakundeek aurrera begira egin behar dituzten hizkuntza politikak eta horiek babesteko legeen oinarriak adostea "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute: "Herritarren gehiengo zabalak babestu dituen erabakiak defendatzea dagokigu. Nahikoa dela esatea, eta ausardiaz aurrera egitea".
Udalak azaldu duenez, Euskararen Nazioarteko Eguna egun aproposa da euskararen biziberritze prozesuaren abiapuntua marrazteko. Horretarako, baina, "egin beharreko urratsak" zehazten hasteko garaia dela nabarmendu du Udalak: "Euskaraz bizi ahal izango den herria hobea izango baita; justuagoa, berdinzaleagoa eta kohesionatuagoa".
Babes instituzionala
Ezagutzari eta erabilerari dagokionez, "hizkuntza-gaitasunen eta motibazio-sistemaren garapenean" urratsik egin ezean "erabilerak beheranzko joera" izango duela nabarmendu dute, eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko babes instituzionala "beharrezkoa" dela azaldu dute, nahiz eta "azken 30 urteetan euskarak administrazio publikoan urrats handiak" egin dituen: "Erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen administrazioa euskalduntzeko bide luzea egin dute hainbat erakundek, ia erabat euskaraz funtzionatzera heldu arte".