Iturripeko proiektua gauzatzeko inbertsioa hiru ekitalditan banatzea proposatu du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko abenduaren 5a

Iturripe eraberritzekoa da aurrekontu-proposameneko proiektu nagusia.

Jeltzaleek hamalau emendakin aurkeztu zizkion joan den astean Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamenari eta,
aste honetan, emendakin bakarrarekin geratu da. Udal Gobernuak emendakina onartuz gero, aurrekontuaren alde bozkatuko dutela diote.

Arrasateko EAJk hamalau emendakin aurkeztu zizkion joan den astean Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamenari, eta aste honetan emendakin bakarrarekin geratu da. "Proposatzen dugu Iturripe berritzeko proiektuak behar dituen 31,5 milioi euroak hiru urtetan eskatzea, hainbat urterako plan baten bidez", adierazi du Ander Garay udal bozeramaileak.

Nahi dutena da funts propioak erabilita finantzatzea Iturripe, eta proiektu batzuk 2027ra atzeratzea. "Hau da, gure kalkuluen arabera, 21 milioi euro ordaindu ditzake Udalak funts propioetatik datozen hiru urteetan, bai gerakinarekin, baita 2026an, 2027an eta 2028an izango dituen diru-sarreretatik. Gero, azken urtean, hamasei milioi euroko mailegua eskatzea da gure proposamena. Horrek ekarriko lukeena da 9,5 milioi euro beharrean lau milioi ordaintzea interesetan".

Gaineratu du egingarria dela: "Lehen urtean, aurrekontu legeko hiru arauak beteko genituzke horrela eta bigarrenean, ez. Hala ere, plan ekonomikoa aurkeztuko genuke, baina proiektua martxan egongo litzateke eta ez litzateke mugarik egongo proiektuarekin jarraitzeko". Emendakina onartuz gero EAJk baiezko botoa emango duela azaldu du: "Bestela, aurka bozkatuko dugu".

Teknikoki, "arriskutsua"

Gobernuak dio mailegu handia eta bakarra eskatzea "erabaki teknikoa" dela, Aldunditik gomendatu diotena. Halaber, Udaleko kontu-hartzaileak dio udal gehienek erabiltzen duten teknika dela hori. "Teknikoki zuhurrena da. Aurrekontuan sarrerak eta gastuak orekatzeko jartzen da kopuru hori, baina gero ez dago zertan dena eskatu. Kasu honetan, Udalak 38 milioi euro eskatuko dizkio bankuari eta esango dio diru hori hark edukitzeko. Gero, beharra eduki ahala, eskatzen joango zaio. Esleipenean ikusiko da zenbateko proiektua izango den azkenean".

Halaber, azaldu du hainbat urterako plana "arriskutsua" dela. "Arau fiskalak hautsi egiten dira, Iturriperako aurreikusita dauden inbertsioak egiten badira, behintzat. Arriskua dago inbertsio bat egiten hastea eta, likidezia faltagatik, proiektua ezin gauzatzea. Izan ere, plan ekonomikoarekin, eskuak lotuta dituzu, ezin duzu mailegu gehiago eskatu. Mailegua behin eskatuta, handia izan arren, bermatzen da obrak iraun bitartean, kreditua izatea".

Hiru arau fiskal, aurrekontu-legean

Kontuan hartzekoa da, 2010az geroztik, Europako lege bat dagoela, zeinak estatu osoko udal guztiak behartzen dituen urtero hiru arau fiskal betetzera: Gastuaren araua, egonkortasunaren araua eta zor biziarena. Hori bete ezean, Aldundiari plan ekonomiko bat aurkeztu behar izaten diote Udalek, bi urtekoa, eta epe horretan ezin izaten dute gehiago zorpetu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak