Umeei zuzendutako jolasekin eta aurpegi margotzearekin girotu dituzte arratsaldeko lehen orduak; apurka-apurka, plazara batzen joan dira beste hainbat herritar ere; eta, 18:00etan, argiak eta euskararen aldeko aldarria eskuetan, talde argazkia atera dute guztiek elkarrekin.
Oholtza gainetik, garai ilunetan, euskaltzaleak pizkunde eta loraldiak eragiteko gai izan direla irakurri du AED elkarteko koordinatzaile Uxue Sampedrok –Arrasateko Geikeren izenean–, eta, euskara kinka larrian egon den iraganeko beste momentu batzuetan bezala, ezinbestekoa dela, berriro ere, euskaltzaletasunaren giharra indartzea: "Aldi bakoitzean, milaka euskaltzaleen bulkada, erabaki eta ekimenetik etorri dira Pizkundeak. Beraz, ekiteko garaia da. Ekar dezagun euskara berriz ere gure lehentasunetara", adierazi du. "Konspiratzeko eta elkarrekin amesteko unea" dela erantsi, eta Euskalgintzaren Kontseiluak hilaren 27an Bilbon egingo duen Pizkundearen hasierako ekitaldian parte hartzeko dei egin die arrasatearrei.
Ikastetxeen elkarretaratzea
Eguerdian egindako ikastetxeen elkarretaratze arrakastatsuarekin abiarazi dute Euskararen Eguneko egitaraua, Arrasaten. Musika, bertsoak eta, garrantzitsuena, ikasle talde zabala, batu ditu hitzorduak, eta Euskararen Eguna urteko 365 egunetan izan dadin euren aletxoa jartzeko prestutasuna erakutsi dute gazteek, bertan egindako irakurketan.