Mondragon Korporazioko enpresa kooperatiboen sustatzaile Jose Maria Arizmendiarrietaren heriotzaren 49. urteurrenaren bueltan –1976ko azaroaren 29an hil zen–, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak Los Orígenes de la Experiencia Cooperativa de Mondragón liburua aurkeztu du Arrasateko Kulturaten.
Testigantzak oinarri
Liburua 42 pertsonari grabatutako elkarrizketen emaitza da; elkarrizketa gehienak Arrasateko esperientziako lehen kooperatibei lotutakoak dira, eta berriki sartutako gazteen testigantzak ere jaso dituzte. Mondragon kooperatiba esperientziaren jatorrian dagoen kristau eraginean sakontzen du, eta enpresa eredu berri hura sostengatu zuten oinarri etikoek gaur egun duten balioari buruzko gogoeta egin dute liburuan.
Egileak dira Jose Antonio Fernandez Lombera –Historiaurrean doktorea, Historian lizentziatua eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea– eta Agustin Gonzalez Enciso –historialaria, Historia Modernoan katedraduna eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle emeritua–. Biak izan ziren martitzeneko liburu aurkezpenean.
Hitzaurrean Fernando Ayuso Donostiako gotzainak dioenez, Arizmendiarrietaren ondareak "gainditu egiten du elizaren eta ingurune geografikoaren eremua, eta enpresa, hezkuntza eta justizia sozialaren mundura zabaltzen da". Aurreko domekan, gainera, San Joan Bataiatzailearen parrokiak antolatuta, urteurren meza egin zuten eta parrokia bete egin zen.
Liburua eskuratzeko
Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko kideren batekin jarri behar da harremanetan liburua eskuratu ahal izateko edo email bat bidal daiteke helbide honetara: arizmendiarretaf@gmail.com.
Salterrae editorialak argitaratu du eta euren salmenta puntuetan ere eros daiteke.