Mundu mailan gertatzen ari den energia, industria eta teknologia-trantsizioa eta horrek sortzen dituen ondorio geopolitiko garrantzitsuak azalduko ditu datorren eguaztenean Ivan Marten Uliartek. "Aldaketa horiek ez dute modu berean eragiten eskualde guztietan; batzuek garapen-aukera berriak izango dituzte,
eta beste batzuek, berriz, gizarte ondorio esanguratsuak pairatuko dituzte", azaldu dute Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartetik.
Horren harira, lau gai nagusi landuko ditu hitzaldiak:
- Ingurumen-erronka eta erantzun global baten premia.
- Energia-trantsizioaren ondorio geopolitikoak.
- irabazleak eta galtzaileak mundu mailako eraldaketan.
- Berrikuntzan, deskarbonizazioan, nazioartekotzean eta negozio-ereduen egokitzapenean aurrera egiteko beharra, egungo testuinguru geopolitiko berrira egokituta.
Hizlariaren inguruan
Ivan Marten Uliarte Lehiakortasunerako Euskal Institutuko presidentea da eta 35 urte baino gehiagoko esperientzia du energia eta ingurumen arloetan. Energia arloko Mundu Mailako Zuzendaria eta Vice Chairman Energy izandakoa da Boston Consulting Group (BCG) aholkularitza-enpresan.
Gaur egun, energia-trantsizioko nazioarteko funtsen eta Innovation Fund Denmark erakundearen aholku-kontseiluetako kide da, eta aholkulari independente gisa jarduten du hainbat enpresa energetikorentzat.
Arizmendiarrietaren heriotzaren 50. urteurrena
2026an, Jose Mari Arizmendiarrieta hil zenetik 50 urte beteko dira eta Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak azaldu duenez "bere figura eta ondarea ohoratu" gura dute. Testuinguru horretan antolatu dute abenduaren 10eko hitzaldia.
Sarrera doakoa izango da baina aurrez izena eman beharra dago, helbide elektroniko honetan: amigos.jma.lagunak@mondragon.edu