Iaz, hainbat instrumenturen laguntzaz, bere ahotsarekin gozarazi zituen ikus entzuleak Thierry Biscaryk, eta, aurten, hori errepikatu nahiko du, Oreka TX txalaparta taldearekin lagunduta. Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek, eta Mixel Ducau, Iñigo Egia eta Juan Jose Otxandorena musikariek osatzen dute taldea. Kontzertua Santa Eulalia elizan izango da, 11:30ean.
Hiru egunetako egitaraua
Egubakoitzean hasi eta domekara bitartean luzatuko dira Bedoñako jaiak. Suziri eta kanpai hotsek emango diete hasiera 18:00etan, eta, ondoren, Loramendi Elkartean patata tortilla eta postre lehiaketa izango dira 19:30ean. Bihar, zapatua, Larragainera lagunarteko igoera antolatu dute 11:00etan. Auzo Bazkaria ere egingo dute 14:00etan, Bedoñako erretiratu nagusiak omenduz. Arratsaldean, gaztetxoendako jolasak prestatuko ditu Txatxilipurdik aparkalekuko karpan, eta, ondoren, txokolatada izango da. Mus eta briska txapelketekin amaituko da eguna 18:00etan –txapelketan parte hartzeko, ezinbestekoa da taldekideetako bat auzotarra edo Loramendi Elkarteko kidea izate–. Domekan, aipatutako kontzertuak eta luntxa izango dira. Bi txandatako Toka txapelketa ere antolatu dute; 16 urte artekoak eta nagusiak ariko dira.