Leire Etxezarreta eta Irati Gutierrez arrasatearrek, Alaitz Escuderok eta Garazi Otaegik osatzen duten Neomak taldea "gogoz eta mimoz" ari da entsegu-lokalean lanean, Lazturak orbain izeneko bilduma berria laster taularen gainera eramateko. "Bi fitxatze egin ditugu kontzertuetarako: Etxaun Urkizu (bateria eta samplerak) eta Eider Villaba (sintetizadoreak eta ahotsa) izango ditugu lagun. Kontzertuek beste bibra bat izango dute, doinu elektronikoak ere zuzenean jota. Aspalditik genuen gogo hori", kontatu dute Etxezarretak eta Gutierrezek, eguenean, abenduaren 4an Goiena telebistan ikusgai izango den Sona bideopodcastean.
Orbanak erakutsita
"Mimoz eta denborarekin" egindako sorkuntza-prozesua izan du disko berriak, Arrasateko musikarien esanetan: "Lanketa potentea dauka atzean. Diskoa barne-bidaia baten modukoa dela diogu guk. Kantuak egiten ari ginela konturatu ginen beldurra hitza gehien errepikatzen zela, eta horregatik diogu kantu bakoitza beldurrari begiratzeko modu ezberdin bat dela".
Beldurrei aurre egiteko moduez gainera, diskoaren izenburuak adierazten duen legez, orbainak erakustearen alde ere egiten du laukoteak: "Bultzatu nahi dugun zerbait da hori; hau da, zaurgarri izatea badela baita indargune bat ere, eta ez ahulgune bat. Orbainak erakustea polita dela, zentzu batean, eta bizitzak eta esperientziak markatzen zaituela, eta hori beti positiboa dela eta gurekin daroagula hori".
Soinu berrien bila
Berrikuntza asko dakar lan horrek, eta estreinakoz bi ekoizlerekin lan egin izanak eragin du horretan: "Vic eta Pau ekoizleekin harreman sendoa sortu dugu, eta guk menperatzen ditugun trikiti eta pandero doinuetatik harago joatea lortu dugu elkarrekin".