Harriak Bira ekimenaren baitan sortutako erakusketa da Gordeten dala Mon-Dragoe-n. Atzo arratsaldean egin zuten inaugurazioa, eta, erakusketaren aurkezpenaz gain, parte hartuko duten arte sortzaileek bi ikuskizun egin zituzten. Erakusketari dagokionez, Kulturateko klaustroan hilabetez ikusi ahalko dira Cata Rubio, Iraia Perez, Oier Diaz eta Izar Okariz sortzaileen lan artistikoak, eta astelehenetik zapatura bitartean ateak zabalik egongo dira, 17:30etik 20:30era bitartean.
Arte sortzaileek Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsarekin elkarlanean egindako erakusketa da. Eta, hain zuzen ere, bertan "sortze prozesuan" dauden lanak erakusten direla nabarmendu du Maite Mugerzak, erakusketako antolatzaileak. Elaborazio aldetik, "sorkuntza prozesuko esentzia" irudikatu nahi izan dute.
Kontraste handiko lanak
Antolatzaileak azaldu duenez, kontraste handiko lanak daude; batik bat, erakusketako artisten artean tamaina txikiekin eta elementu minimoekin lan egin ohi duten sortzaileak eta elementu handiekin lan egiten duten sortzaileak daude. "Ohiko eskalatik haratago doazen elementuak dira erraldoiak eta kilikiak, eta horregatik egin zitzaien erakusketan parte hartzeko gonbidapena".
ARTE GARAIKIDEA ETA
SORTZAILE TXIKIAK
BULTZATZEA DA
ERAKUSKETAREN
HELBURUA
Lan bakoitza egiteko erraldoiak eta buruhandiak sortzeko erabiltzen dituzten moldeak edo buztinezko figurak erabili direla azaldu du Mugerzak: "Material desberdina izan arren, oinarri bera dute lanek: figuren itxura naturalen gainean asko landu gabe dauden lanak dira".
Arte garaikidea bultzatzea da ekimenaren helburua, baina, era berean, erakusketak Erraldoi eta Kilikien Konpartsak aurten bete dituen 40 urteak omentzeko ere balio duela azaldu du Maite Mugerzak, erakusketako antolatzaileak: "Arte garaikidearen barruan lanek ere kutsu fantastiko bat izatea nahi genuen, eta gustatu zait; izan ere, nik uste dut erakusketako proposamen desberdinak ekarri ditugula Kulturatera. Gainera, erakusketako lanak konpartsak utzitako materialekin eginda daudenez, haien 40. urteurrenaren omenezko zerbait izan da baita".
Harriak Bira
Hainbat arte sortzaile garaikideren lanen bitartez estilo garaikidearen inguruko sentiberatasuna bultzatzea da Harriak Bira ekimenaren helburua, eta horretarako hainbat erakusketa antolatzen dihardute 2016az geroztik. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak hauspotutako proiektua da Harriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat kultur etxe eta udalekin dihardute lankidetzan. Bi urteko etenaren ondoren, duela urtebete martxan jarri zen programaren bigarren zatia, Harriak Bira izenarekin. "Kultur etxeei autonomia handiagoa emateko helburuarekin egin zen aldaketa", azaldu du antolatzaileak.
Ekimen berriari hasiera emateko, 2024an Bareback erakusketa egin zuten Kulturaten, eta Arantza Elejabeitia, Xara Agirre eta Idoia Leache sortzaileen lanak erakutsi zituzten bertan. Hala, Mugerzak azaldu duenez, erakusketa Arrasaten sortu zen arte garaikideak herrietan daukan presentzia handitzeko: "Interesgarria iruditzen zaigu horrelako proposamenak horrenbeste ikusten ez diren lekuetara eramatea. Izan ere, horrelako ekimen artistikoak hiriburuetan gertatzen dira, normalean".
Hain zuzen ere, beste estilo batzuekin gertatzen ez den moduan, arte garaikidea "erakargarria ez izateko" arrazoia "oso leku konkretuetan" erakusten dela dio Mugarzak: "Arte garaikidea eszenatoki desberdinetara eramatea ez da erraza. Nik uste dut estereotipo batzuk daudela herrietan, eta horiek apurtu behar dira".
Horiek horrela, arte garaikidea hauspotzeko sortzaileen lanak gero eta leku gehiagotan erakustea garrantzitsua dela dio Mugarzak: "Erakusketetan parte hartzea eta lanak gero eta gehiago ikustea lorpen handia da sortzaileontzat eta baita euskal artearentzat ere".